Gaur Bruselan egindako bileran ez da adostasunik lortu Europako Batasuneko estatuen artean, eta, nahiz eta herrialde gehienak —hemeretzi, hain justu ere— TC1507 arto transgenikoa baimentzearen aurka azaldu, ez dute lortu horretarako Europako Batasunak eskatzen duen gehiengoa. Beraz, automatikoki, Europako Batzordeak baimena emango dio arto transgeniko hori Europako Batasunaren eremuan landatzeari. TC 1507 arto transgenikoa AEBetako Pioneer taldearena da, eta Europako Batasunean landatu ahal izango den bigarren arto transgenikoa izango da, MON810rekin batera.
Gaur Bruselan egindako bileran hemeretzi herrialdek bozkatu dute kontra —tartean, Frantzia—, sei abstenitu dira —tartean, Alemania— eta hiruk bakarrik bozkatu dute baimentzearen alde, Erresuma Batua haien buru —Espainiak ere baimentzearen alde bozkatu du—. Hain zuzen ere, Alemaniaren abstentzioa izan da artoa ez debekatzearen giltzarri, Alemania kontra agertzen bazen ez baimentzeko beharrezkoa litzatekeen gehiengoa osatuko baitzen.
Bilkuraren ostean, Europako Batasunean sei hilabete honetan lehendakaritza duen herrialdeak, Greziak, iragarri du ez dagoela gehiengorik TC1507 ez baimentzeko. "Arauak dioenez, estatuen kontseiluak ez badu erabakirik hartzen, Europako Batzordeak hurrengo 24 orduetan baimendu beharko du hazi transgenikoa", azaldu du kontseiluaren zerbitzu juridikoak.
TC1507 arto transgenikoaren baimentzeak tirabira handiak eragin ditu Europako Batasunean. 2001ean iritsi zen arto transgeniko hori baimentzeko eskaria. Europako Batzordeak atea itxi zion hura baimentzeari, baina iaz Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen hazi hori baimentzeko prozesua indarrean jarri behar zela.