Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin diete Errenteriako (Gipuzkoa) herritarrei, udalerrian egingo duten baheketa batera joan daitezen. Zehazki, martxoaren 14tik gaurko egunera bitartean Zumardian, Diputazio plazan eta inguruetan dauden tabernetara joan direnak deitu dituzte baheketara.
Herritar horiek Iztietako Osasun Zentroarekin jarri behar dute harremanetan, asteartetik ostegunera bitartean, 08:00etatik 20:00etara. 943-00 79 40 da osasun zentroaren telefono zenbakia. Osasun Kontseilura ere dei daiteke txanda hartzeko (900-20 30 50).
PCR probak Merkatuzarren (Goiko kalea, 1) egingo dira, Errenterian bertan, asteartean 14:15etik 19:30era, eta asteazken eta ostegunean 08:30etik 19:30era. Emaitzak SMS bidez bidaliko dituzte.
Osakidetzak beste baheketa bat egin zuen Errenterian bertan joan den astean, martxoaren 27an Errenteriako Egiluze sagardotegira (Gipuzkoa) bazkaltzera joan zirenen artean.