LURRIKARA

Beste bi lurrikara txikiago sentitu dituzte Okzitanian, igande gauekoaren ostean

Richter eskalan 3 gradukoak izan dira gaurkoak. 4,3 graduko lur mugimendua neurtu zuten joan den igandetik astelehenerako goizaldean. Ez zuen kalterik eragin. Pauetik gertu gertatu zen, eta Gipuzkoaraino iritsi zen dardara. 

Berria.info
2013ko urtarrilaren 1a
19:20
Entzun

Igandetik astelehenerako goizaldean izan ziren lurrikaren ostean, tamaina txikiagoko beste bi neurtu dituzte gaur goizean Biarnon, Okzitanian. Nay inguruan atzeman dituzte; 07:10ean izan da lehena —3,1 gradukoa, Richter eskalan— eta 07:34an bigarrena —hiru gradukoa—.

Astelehen goizaldeko lurrikararen berri Frantziako Sismologia Bulegoak eman zuen . Richter eskalan 4,8 gradukoa izan zela adierazi zuten aurrena. Berriro neurtu eta 4,3 gradukoa izan zela adierazi dute gaur, ikerketa datuak zuzenduta.

00:30 aldean izan zen lehen lur mugimendu hura, handiena. 01:07 aldera beste txikiago bat sentitu zuten, 2,7 gradukoa Richter eskalan. Gehiago gertatzea ez zuen baztertu Sismologia Bulegoak, eta hala gertatu da gaur.

Bost lurrikara hamabost egunean

Nay eskualdea, Richter eskalan hiruko neurria gainditu duten gutxienez bost lurrikara neurtu dituzte abenduaren 17az geroztik. Astelehen goizaldekoa izan da handienetako bat.

Euskal Herrian ere antzeman zuten egun hartako lur mugimendua. Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Gipuzkoan, eta Nafarroa iparraldean sentitu zuten lurraren dardara. Besteak beste Tolosan, Andoainen eta Donostian nabaritu zuten, baita Lesakan eta Izaban ere.

Lurrikara txikiak gertatu ohi dira inguru horretan; Sismologia Bulegoko adituek jakinarazi dutenez, bi urtetik behin izaten dira astelehenekoaren mailakoak. 1967an gertatutako lurrikara batek hildako bat eta hiru zauritu eragin zituen Eretan, eta herriko hainbat gune suntsitu zituen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.