Etxerat-ek jakinarazi duenez, Agirregabiria Fresnesen zegoen, Euskal Herritik 930 kilometrora, eta Garitagoitia, berriz, Poissyko espetxean, 950 kilometrora. Bi-biak Lannemezango espetxera (Biarno, Okzitania) eraman dituzte, Euskal Herritik gertuen dauden Frantziako Estatuko bi espetxeetako batera, hain zuzen; aurrerantzean Euskal Herritik 350 kilometrora egongo dira.
Joan den otsailean Frantzia euskal presoak gerturatzen hasi zenetik, bederatzi dira dagoeneko Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara lekualdatutako presoak. Horietatik bi, Julen Mendizabal eta Jon Salaberria, aske daude jadanik.
Lopez Resina, Avilara
Espainiak ere egin du lekualdatzerik, baina kontrako norabidean: Dolores Lopez Resina presoa Soto del Realetik (Espainia) Euskal Herritik urrunago dagoen espetxe batera eraman dute, Avilan dagoen Brievako espetxera hain zuzen. Euskal Herritik 364 kilometrora dago Soto del Real; Brieva, berriz, 419 kilometrora.