Angel Acebesen arabera, 900.000 peso –garai bateko 17 milioi pezeta– blokeatzea lortu dute Mexiko zenbait banketxetan. Iturri ofizialen arabera, atxilotuetako batzuk ETAko komandoetako kide izandakoak dira.
Gaur atxilotutakoak Ernesto Alberdi Elejalde eta José María Urquijo Borde "Kinito" dira. Atxilotutako hiru mexikarrei berriz, euskal errefuxiatuei laguntza ematea egozten die Poliziak.
Atzo hasitako operazioa
Lau euskal errefuxiatu atxilotu zituzten Mexikon atzo goizeko 10:00etan Euskal Herrian 17:00ak. Mexikoko Polizia Federalak egin zituen atxiloketak, ordu berean, baina hiru lekutan. Atxilotuak Pasai Trintxerpeko (Gipuzkoa) Felix Garcia Rivera, Donostiako Egia auzoko Jon Artola Diaz eta Axun Gorrotxategi Vasquez bere neska-laguna, eta Gernikako (Bizkaia) Asier Arronategi dira. Garcia Rivera Tepozotlanen atxilotu zuten, Artola Diaz eta Axun Puerto Escondidon, eta Arronategi Monterreyn. Azken orduan Mikel Josu Arronategi Bilbao, Asier Arronategiren aita, 71 urteko gizasemea atxilotu zuten Foruan, eta poliziek Madrilera eraman zuten. Askatasuna elkarteak "habeas corpusa" eskatu du Arronategi Bilbaorentzat, osasun arazoak dituelako.
Askatasunaren arabera, lau errefuxiatuak «legezko egoeran» bizi ziren, paperak indarrean zituzten, eta Mexikon lan egiteko baimena zuten. Hiruretako bat, Asier Arronategi, Euskal Herrira itzuli zen iragan apirilean, eta hainbat iheslari politikorekin batera Amaiurren ospatutako Aberri Egunean ezagutarazi zuen bere jaioterrira itzultzeko asmoa. Arronategi, baina, Mexikoko emakume batekin ezkondua dago, eta hainbat gestio egitera itzuli zen Mexikora.
Atxiloketak
Beste bost lagun atxilotu dituzte Mexikon, "ETAren finantziazio sarearekin lotura" dutelakoan
Mexikoko segurtasun indarrek beste bost lagun atxilotu dituzte Mexikon, Espainiako Poliziaren laguntzarekin. Atzo iluntzean beste lau lagun atxilotu zituzten Mexikon, eta Espainiako Poliziak beste lagun bat atxilotu zuen Foruan (Bizkaia). Atxilotuei "ETAren finantziazio, faltsutze eta logistika sareko" kide izatea leporatu die Espainiako Barne ministro Angel Acebesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu