Gaztetxeak

Beste bost lagun igo dira Iruñeko gaztetxeko hormara; gomazko pilotekin belaunean zauritu dute bat

Arratsaldeko 16:30ak aldera oraindik zutik dirauten Iruñeko Euskal Jai gaztetxeko hormetako batera igotzea lortu dute bost pertsonak, baina laster eman behar izan dute amore. Izan ere, udaltzainek eta Espainiako Poliziak inguratuta daukate gaztetxerean eremu guztia, eta, agi denez, gomazko pilotak eta spraiak jaurti dizkiete. Gazteetako bat belaunean jo du pilota batek, eta hantura handia du. Egoera hori zela eta, erresistenteek eurek eskatu dute jaisteko. Suhiltzaileen laguntza izan dute, baina gero, eskuburdinekin lotuta atxilotuta eraman dituzte guztiak.

2004ko abuztuaren 20a
18:06
Entzun
'Berria'-ko kazetari batek gertakari horiek guztiak hurbiletik ikusteko aukera izan du, hain justu, bost lagunak igo diren gaztetxeko horma dagoen Merced karrikako etxebizitza batetik.

Azaldu duenez, lau udaltzain zeuden teilatu gainean inor igo ez zedin zaintzen, eta azpialdean beste polizia asko, bai udaltzainak, bai Espainiako poliziak. Bosterresistenteek hormara igotzea lortu dutenean, teilatuko udaltzainetako batek etengabe argazkiak atera dizkiela azaldu du.

Era berean, arratsaldeko 17:00ak inguruan agertu direla suhiltzaileak, kazetariek baieztatu ahal izan dutenez, gazteek eurek eskatuta. Hain justu, gazteetako batek orduan erakutsi die nola zeukan belauna guztiz handituta. Gainera, jaurti dioten pilota zeukan eskuan.

Suhiltzaileek banaka eta kontu handia jaitsi dituzte bost lagunak. Arreta berezia jarri dute zaurituta zegoena jaitsi dutenean. Behin lurrera iritsitakoan, ordea, Udaltzaingoak eskuburdinak jarri dizkie bostei eta atxilotuta eraman ditu. Zaurituta dagoena ere nahiko zakar tratatu dute. Dena den, Labrit kalean Gurutze Gorriko anbulantzia bat zegoen, agi denez, mina hartu duena artatzeko zain.

Hormara igo diren gazteei ez ezik, haiei babesa adierazteko oihuak egin dituzten eta lapikoak astindu dituzten bizilagunei ere jaurti dizkiete pilotak poliziek.

Informazio gehiago Euskal Jai gaztetxearen web orrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.