Euskal Herriaren etorkizuneko "erronkei" aurre egiten jarraitzeko prest agertu da Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. Oñatin egin du agerraldia, erakundearen mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi nagusian. Han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko burua.
Urkulluk nabarmendu du duela ehun urte ereindako haziak fruituak eman dituela. "Zuhaitz sendoa dugu gaur, gure kultura zaintzen eta bultzatzen duena, eta adarrak mundu osora luzatu dituena". Harekin bat etorri da Barkos ere, eta Eusko Ikaskuntzarekiko konpromisoa berretsi du. Nafarroako presidenteak eskertu egin dio erakundeari gizartearen beharrekiko agertutako gertutasunagatik.
2015etik, Euskal Herriaren etorkizuneko jokaleku eta erronkak irudikatu ditu Eusko Ikaskuntzak, bost ardatzen inguruan: gobernantza demokratikoa, gizartearen aniztasuna eta kohesioa, garapen sozioekonomikoa, euskara eta gizartearen geroa. Hausnarketa horiek Liburu Zurian bildu dituzte, eta datorren urteko udaberrian aurkeztuko dute haren behin betiko bertsioa. Nolanahi ere, atzo Oñatin egindako agerraldian egin zuten aurrerapena.