Duela hamahiru urtetik, PSOE utzi zuenetik, Eliza katolikoaren eta botere publikoaren arteko lotura ezabatzeko lanean ari da Francisco Delgado (Albacete, Espainia, 1944), Europa Laikoa elkarteko presidentea. Donostian izan da, eskubideei, aniztasunari, estatu laikoari eta osasun demokratikoari buruzko jardunaldietan.
Zertan dihardu Europa Laikoa elkarteak?
Kontzientzia askatasuna, Elizaren eta estatuaren arteko banaketa eta, oro har, estatu laiko baten eredua defendatzen eta sustatzen ditugu, ikusten baitugu alderdi politikoentzat eta sindikatuentzat gai hori ez dela lehentasuna, ez dagoela haien agenda politikoan eta sozialean. Elkarteak 11 urte ditu, eta hainbat irakaslek, filosofok eta pentsamendu ilustratuko hainbat pertsonak osatzen dugu, eta herritarren iritzian eragitea dugu helburu.
Katolizismo instituzionalaren eta kontzientzia askatasunaren arteko bateraezintasunak dauka izenburutzat eman duzun hitzaldiak. Zeintzuk dira bateraezintasun horiek?
Espainiako Estatuan, nahiz eta konstituzioan ezartzen den estatu akonfesionala dela, erlijiorik gabekoa, hainbat adierazlek erakusten dute erakundeak Eliza katolikotik gertu daudela; koroa katolikoa da, ministroek gurutze baten eta Bibliaren aurrean hartzen dute kargua, kapilauak daude armadan, espetxeetan eta ospitaleetan, Elizak diru kopuru handia jasotzen du estatuaren eskutik—barne produktu gordinaren %1 Eliza katolikoarentzat da—, erlijioak eskolan jarraitzen du... Nahiz eta konstituzioak esan akonfesionala dela, benetan katolikoa den estatu batean gaude, laikotasuna ez baita ailegatu erakunde publikoetara. Horrelako egoera batean, sarritan zaila da herritarren kontzientzia askatasunaren alde borrokatzea, Justiziara jo behar dugulako maiz.
Zein leku izan behar du erlijioak gizartean?
Erlijio guztiek familiaren esparruan, gurtzarako tenpluen esparruan eta, kalean ekitaldiak egiten dituztenean, kalearen esparruan egon behar dute. Baina ez dute erakunde publikoen esparruan egon behar. Espazio publikoetan ez da ikur erlijiosorik egon behar, arduradun politikoek ez dute kargua gurutzearen aurrean hartu behar... Hori da erlijioari dagokion lekua; gainontzeko gizarte eragileei dagokiena, abantailarik gabe. Gaur egun,estatus berezia du Elizak, eta hori salatzen dugu guk.
Gizartea gero eta gehiago sekularizatzen ari dela diozu. Horrek ekarriko al du legedi laiko bat?
Egoera ugarik bat egin behar dute laikotasuna erakundeetara iristeko. Gizartearen sekularizazioa nabarmen hazten ari da; duela lau hamarkada, pertsona guztiak nahi eta nahi ez bataiatzen zituzten, baina egoera aldatu egin da. Bataiatutakoak jaiotako umeen %50 dira ozta-ozta, ezkontza zibilak erlijiosoak baino ohikoagoak dira, 17 eta 30 urte artekoen %9 dira soilik katolikoak eta elizara doazenak eta etengabe hazten ari da ateoen eta agnostikoen kopurua. Espiritualtasuna eta sinesmena barnean daramatzate herritar gehienek, gazteek batez ere, elkarte erlijiosoetatik kanpo.
Zein arlotan ikusten duzu behar handiena erakunde publikoen eta Elizaren arteko lotura eteteko?
Duela bi urte, kontzientzia askatasunaren lege proposamena aurkeztu genien Espainiako Kongresuko taldeei, beharrezkoa delako halako lege bat. 1953an Vatikanoarekin sinatutako akordioak eta 1980ko Askatasun Erlijiosoaren legea bertan behera uztea lehentasunezkoa da. Hortik aurrera, herritarren eta erakundeen eskubide eta betebeharrak zehaztu behar dira; bereziki, herritarrek kontzientzia askatasunerako duten eskubidea zehaztu eta dogma erlijiosoak arau zibil ez bihurtzea. Esaterako, elizan eginiko ezkontzek balio juridikoa dute, eta horrek ez du zentzurik.
Sinbologia publikoari garrantzia ematen diozue.
Ikurrak boterea direlako. Historian zehar, ikurren bidez boterea irudikatu izan da. Ikur bat ekitaldi publiko edo ikastetxe batean jartzen denean, horrek esan nahi du han daudenek ikur horri men egiten diotela, izan sinbolo erlijiosoa, izan beste izaera batekoa. Uste dugu ikur pribatuak, soilik herritarren parte bat ordezkatzen dutenak, ezin direla leku publikoetan egon.
Zer esango zenioke laikotasuna mehatxu modura ikusten duenari?
Pertsona fededunak, kristauak eta ateoak ditugu elkartean. Laikotasuna ez da erlijioen aurkakoa, pribilegioen aurkakoa eta herritar guztien eskubide demokratikoen aldekoa baizik. Elizak estatuen aldean duen nagusitasunaren aurka egiten dugu, izan Eliza katolikoak Espainian duena, izan islamak Iranen duena.
Zuk esana da: «Laikotasuna ez da demokraziaren behin-behineko gehigarri bat, berezkoa duen ezaugarria baizik». Estatu laikoa demokratikoagoa al da?
Estatu laikoa demokratikoagoa da, bermatu egiten dituelako pluraltasun ideologikoa, kontzientzia eta adierazpen askatasuna eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna.
Dogmarik gabe ikastea, Eskola laikorantz eta Eskola publikoa mehatxatua liburuak idatzi dituzu. Nolakoa behar luke hezkuntza laikoak?
Irakaskuntza publikoak laikoa izan behar du, erlijio edo korronte filosofikoen eraginik gabea. Inposizio dogmatikoek ez dute eskolan egon behar, eta eskola publikoa sustatu eta indartu behar dute estatuek. Estatuek ez dituzte guztien diruarekin lagundu behar ideia propioak dituzten eskolak.
Francisco Delgado. Europa Laikoa taldeko presidentea
«Beste eragile sozialen lekua dagokio Elizari, abantailarik gabe»
Kontzientzia askatasuna erabiltzeko zailtasunez aritu da Francisco Delgado estatu laikoaren gaineko jardunaldietan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu