Lau ziren orain arte Cabacas auzian inputatutako ertzainak, baina beste bat gehitu du Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak, eta ez du baztertzen pertsona gehiago inputatzea. Vocento taldeko egunkariek eman dute epailearen autoaren berri, eta informazioa baieztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak.
Informazio horien arabera, inputatutako ertzaina izango litzateke 2012ko apirilaren 5eko gertakarietan parte hartu zuen ofizialorde bat. Hain justu, Bilboko Maria Diaz de Haro kalexkara gerturatu zen Ertzaintzaren furgoneta bateko —13. furgonetako— arduraduna. Hori hala balitz, ertzain hori epailearen aurrean jada lekuko gisa deklaratu duen polizietako bat izango litzateke. Iturri horien arabera, gainera, ertzain horrek epailearen aurrean ukatu zuen gomazko pilotak jaurtitzeko agindurik eman zuenik, eta azaldu zuen beste furgonetetako ertzainek tiro egiten ari zirela ikusi zuenean, berak agindu zuela oldarraldia eteteko eta furgonetetara itzultzeko. Hala ere, inputatuta dauden hiru ertzainek kontrakoa azaldu omen zuten, otsailean eginiko deklarazioetan: esan zuten ofizialorde horrek agindu zuela kargatzeko eta gomazko pilotak jaurtitzeko.
Orain arte lau ertzaina zeuden inputatuta Cabacas auzian: gomazko pilotak jaurtitzea onartu zuten unitate bereko hiru ertzain eta furgoneta bateko ardura zuen beste ofizialorde bat. Polizia operatiboko arduraduna ez du inputatu epaileak, Cabacasen senideak ordezkatzen dituen akusazioak horren eta beste batzuen inputazioa eskatu duen arren. Auzia instrukzio fasean dago oraindik, eta Ana Torres epaileak erabaki beharko du pertsona gehiago inputatu, auzia epaiketa bidean jarri edota inputatuak auzipetu edo ez. Apirilaren 5ean bi urte bete ziren Iñigo Cabacas hil zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo eta hiru egun ospitalean eman ondoren.