EHL Euskal Herriaren Lagunak elkarteak escrache bat egin zion herenegun Buenos Airesen Baltasar Garzon epaileari, hitzaldi bat ematera zihoanean. Askapenak eman du protestaren berri.
Argentinako hiriburuko Armeniako zentro batean zen Garzon hitzaldia ematekoa, Genozidioa, ukazioa eta zigorgabetasuna izenburupean. Zentroko sarreran, hainbat lagunek, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak eskuan zituztela, protesta egin zuten Garzonen aurka. Besteak beste, "estatu terrorista" eta "Garzon, faxista, zu zara terrorista" oihukatu zuten.
Hitzaldia hastekoa zen ordua igaro eta ordu erdira, Garzonek eraikinean sartu ezinik jarraitzen zuen. Azkenean, Poliziak babestuta, beste sarrera batetik sartu ahal izan zen zentroan.
Hainbat escrache egin dizkiote azken asteetan Garzoni Argentinan. Irailean egin zizkioten bi, eta urrian beste bat.