Heroinak, eta horri lotutako zenbait gaixotasunek, gogor zigortu zituzten 1980ko hamarkadan gazte zirenak. Eta urte haietan Euskal Herri osoan loratu zen rock musikaren olatu hartako talde eta musikariak ez ziren mehatxu hartatik itzuri. Alderantziz: hildako musikarien zerrendari erreparatuta, emango luke giro hartan murgilduta zeudenek nozitu zituztela bereziki heroinaren zartadak.
Batzuek pentsa dezakete giro hartan ohikoagoa zela heroina kontsumitzea. Edo, beharbada, rock musikariak garai hartako gazte askoren errealitatearen ispilu baino ez ziren izan. Hala uste du behintzat Txuma Murugarrenek. Bakarkako ibilbide oparoari ekin zion 2000. urtean, baina 80ko hamarkadatik egon da musika giroan sartuta zenbait taldetan, Sasoi Ilunak izaki entzutetsuena: "Nik ez nuke esango musika giroan beste giro batzuetan baino droga gehiago kontsumitzen zenik. Pasatzen dena da giro horretan gertatutakoa ikusgarriagoa izan dela, eta, beharbada, lagun horiek jende askorentzat eredu zirela. Baina droga kalean zegoen, musikari izan ala ez".
Claus Groten Vomito taldeko kidea da. 1984tik 1998ra lau disko argitaratu zituzten, eta Euskal Herri osoa zeharkatu zuten zuzenekoak eskaintzen. Orain, 2009. urtean, agertokietara itzuli ziren, eta, geroztik, hor dabiltza jo eta su. Bestelako ikuspegia du gai horren inguruan: "Nik uste dut jende sortzaileak, kezkak dituen jendeak, historikoki beti izan duela drogekin esperimentatzeko joera, are menpekotasunak garatzekoa ere. Rock-and-roll edo punk rock talde batean dagoen jendea, sortzailea izateaz gain, bihurria eta kritikoa ere izaten da. Artearen munduarekin berdin pasatzen da, nahiz eta horretaz gutxiago hitz egiten den".
"Nik ez dut konplexurik onartzeko sexu, droga eta rock-and-rollaren kontu horrek funtzionatzen duela", gaineratu du Grotenek. "Bihurriak eta managaitzak ginen, baina alproja samarrak ere bai".
Beldurraren kaltea
Garai hartako edozein gaztek bezala, biek al biek gertutik ezagutu zuten orduan gertatutakoa: "Ofizialki Euskal Herrian hiesaren ondorioz hildako lehen gaztea nire aitaren besoetan hil zen", kontatu du Grotenek. "Altzako [Donostia] junkie bat zen, eta gure aitak, errukiz, lagundu egiten zion eta lana eman zion bere enpresan. 1984. urtean izan zen. Baina nik ezagutzen nuen hiruzpalau urte lehenagotik heroina hartzen zuen jendea ere. Horietako askok xiringak partekatzen zituzten, orduan xiringa bat lortzea ez baitzen hain erraza. Ez dakit debekatuta ote zegoen, baina, badakizu, herri txiki batean, farmaziara joateak xiringa bat erostera bazituen bere arazoak. Gaur egun ematen du txorakeriak direla, baina orduko beldur eta errepresioak kalte handia egin zuen".
"Joaten zinen lekura joaten zinela, junkie pila ikusten ziren", gogoratu du Murugarrenek. "Esaterako, Bilboko Udaletxeko zubiaren azpian, lehen trena pasatzen zen lekuan, txoko bat zegoen, eta egunero 30 bat junkie egoten ziren. Ikuskizun ikaragarria zen. Baina ez zen bakarrik Euskal Herriko kontua: Herbehereetan, Frantzian eta Europako beste zenbait lekutan heroinak oso gogor jo zuen".
Heroinaren ondorioz hiesa ere agertu zenean «hondamendia erabatekoa» izan zen, Murugarrenen hitzetan. "Ordurako ikusia genuen hura ez zela bide ona, eta nor bere burua salbatzen saiatu zen. Baina kasu lazgarriak gertatu ziren, esaterako, droga aspalditik utzita zeukan eta bestelako bizimodua eramaten saiatzen ari zen jende asko, bat-batean jakiten zutenak kutsatuta zeudela. Hori are gogorragoa izaten zen".
Antzekoa da Claus Grotenen testigantza: "Jende asko kutsatu zen, gehienak, esango nuke nik. Eta horietako asko ez ziren inoiz heroinak katigatuta egon. Noizean behinkako kontsumitzaileak ziren, jende arrunta, klase ertainekoa, ikasten edo lan egiten zuena, eta hala ere GIBa harrapatu zuten. 1990etik aurrera, heriotzak ia egunerokoak ziren. Irunen, kuadrilla batzuetan, hamarretik zazpi hil ziren".
Heroinak hain gogor jo izanaren arrazoiez galdetuta, Murugarrenek "lilura" hitza aipatzen du: "Alde batetik, ez zegoen drogen ondorioen inguruko informaziorik, baina, beste aldetik, gure erreferentzietako asko drogazaleak ziren, heroinazaleak, Jimi Hendrixekin hasi eta duela gutxi hil den Lou Reedekin jarraituta. Heroinak bazuen halako lilura erakargarri bat, eta ematen zuen probatuta ere ez zela ezer gertatuko, heriotzaren gainetik geundela eta horrelako gauzak beste batzuei gertatzen zitzaizkiela eta ez guri. Atzean benetan zer zegoen ikusi genuenean, izutu egin ginen, baina ordurako berandu zen jende askorentzat".
Bestelako arrazoiak ere aipatzen ditu Grotenek: "Tartean diru asko zegoen, eta diru hori ez zuten lau gizagaixok eramaten. Boterea negozio horretan sartuta zegoen, eta polizia ere, argi eta garbi. Baina ez Euskal Herrian soilki: gu maiz ateratzen ginen kanpora jotzera, eta leku askotan gauza izugarriak ikusten genituen. Saldu ziguten trantsizioaren gezur horretan, potentzialki bihurria izan zitekeen belaunaldi bat menperatuta edukitzeko bide gisa erabili ote zuten, ez nuke ezetzik esango. Errua ez zen jendearena izan, ezta drogarena ere. Arazoa da estatuak eta gizarteak nola kudeatu duten auzia, beren ezkutuko interesak lehenetsiz".
"Heroinaren beste ondorioetako bat marjinazioa zen", gaineratu du Murugarrenek, "ezin lan egitea, pobrezia. Eta, jakina, ikuspegi moralista batetik, hori onartezina zen. Ondorioz, handik ateratzeko ez zegoen inolako laguntzarik. Drogak hartzeari utz diezaiotela eta akabo arazoa, hori zen gari hartako pentsamolde nagusia".
Oraingo egoera
Gauzak asko aldatu dira geroztik, Claus Grotenek dioenez, baina droga oraindik eguneroko bizitzaren parte da, hala izan baita mundua mundu denetik: "Egun, jendeak orduan beste droga hartzen ditu, edo gehiago. Nik esango nuke oraingo gazteek droga gehiago hartzen dituztela. Baina heroinak oso azkar hondatzen zintuen, eta hori ez da gertatzen gaur egun gehien hartzen diren drogekin. Heroina egunero hartu beharreko droga zen normalean, eta orain jende askok asteburuetan baino ez du kokaina edo speed kontsumitzen".
Urte asko igaro da hondamendi hura gertatu zenetik, eta denborak lausotu du jazotakoaren aztarna: "Jende askok, gazte jendeak esaterako, ez du orduan gertatutakoa ezagutzen", adierazi du Murugarrenek. "Batzuetan, zenbait gazte ikusten dituzu heroinarekin jolasean, eta harrigarria egiten zaizu, baina arazoa da ez dutela gertatutakoa ezagutzen. Gure historia hurbilaren pasarte hori zokoratu egin dugu, ezkutatu egin da, biziotsu batzuen arazoa izan zelakoan. Badirudi horretan gizarteak ez zuela errurik izan: soilki beraiek, eta beraien jokabide lizun eta moralaren kontrakoak".
"Hezkuntza kristauaren itzala" sumatzen du Murugarrenek uste horietan, "beti erruaren inguruan ibili beharra, norberaren hobenaren zama. Horren inguruan pasadizo bat dut gogoan, ikaragarria: ama bat, errudun sentitzen zena semea hortik aldentzen lortzen ez zuelako, eta, egun batean, semearekin izandako ika-mika baten ostean, bere buruaz beste egin zuena leihotik botata. Pentsa noraino iristen zen jendearen desesperazioa, erruaren zamaren eta gizartearen arbuioaren aurrean".
Euskal Herriko historiaren pasarte horri «behar bezala» ez zaiola heldu uste du Murugarrenek: "Badirudi ez zela ezer gertatu. Jendeak ez daki zer gertatu zen, ez bada norberak ikusi eta bizi izan zuelako hura".