Emakume batek gaur goizaldean salatu du gizonezko batek sexu ukituak egin dizkiola. Erasoen egilea delakoan, gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak. Orotara hamabost erasoren berri izan du Poliziak sanferminetan, Iruñeko Udalak eman dituen datuen arabera. Atxiloketei buruzko datua ere eman dute: salaketa kasuen %87,5ean atxilotu egin dituzte salatuak.
Iruñeko sanferminetan etenik gabe gorantz ari da sexu erasoengatik salaketa jarri dutenen kopurua. Salaketa gehiago izaten ari dira aurreko urteetan baino, eta irmoagoa da erantzuna ere. Hori azpimarratu du Joseba Asiron alkateak: "nazkatuta" daudela sexu erasoekin, eta "eredugarria" izaten ari dela herritarren erantzuna.