Fiskalak 439 urteko espetxe zigorra eta 16,5 milioi euroko isuna eskatu ditu De Miguelauziko 26 akusatuentzat. Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohiarentzat, ia 55 urteko zigorra, eta Aitor Telleria eta Koldo Otxandianorentzat, 32koa. Biak Araba Buru Batzarreko kideak ziren. Fiskalak hirurei egozten die delitu sare bat osatzea; besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea leporatzen die. Horiez gain, beste 23 auzipetu daude.
Haien aurka eskatzen diren zigorren neurria ikusita, gehienek baiezkoa eman diote fiskalak eginiko negozioziorako eskaintzari. Horretarako, hamabost eguneko epea hartu zuten bi aldeek, baina, etenaldia amaituta, beste luzapen bat eskatu du fiskaltzak, argudiatuta elkarrizketak "bide onetik" doazela.
Josu Izagirre fiskalak azaldu duenez, denekin ez bada ere, ia guztiekin lor daiteke akordioa, baina denbora gehiago behar dute horretarako. "Asko aurreratu dugu. Negoziazioak bide onetik doaz, baina asko dugu egiteko". Epaimahaiak onartu egin du eskaera, eta urriaren 15era arteko tartea eman die bi aldeei zigorren inguruko akordioa lor dezaten. Ezingo dute beste luzapenik eskatu.