Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin ditu COVID-19 gaitzak kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak. Araban, beste zazpi pertsona hil dira gaitzaren eraginez; Bizkaian, bi; Gipuzkoan, bost; eta Nafarroan, bat. Gipuzkoan, orain arteko gorakadarik handiena izan zen atzo —gaur emandako datuak 20:00etan eguneratu baitzituzten—: ordura arteko hildakoen kopurua ia bikoiztu egin da egun bakarrean, seitik 11ra. Hamaseigarren hildakoaren berri arratsaldean eman dute: Gasteizko Ajuria zahar etxeko egoiliar bat da, 95 urtekoa, eta aurretik beste patologia batzuk zituena.
Kutsatutakoen kopurua ere handitu egin da lurralde gehienetan; hala izaten ari da egunetik egunera. Araban dago kutsatu gehien oraindik: 801, bezperan baino 98 gehiago. Bizkaian, 651 dira denera, 112 gehiago. Gipuzkoan, 273 lagun daude kutsatuta, 50 gehiago. Nafarroan, 664 lagunek eman dute positibo; beste 71k.
Araban, 254 pertsona ari dira artatzen ospitalean; Bizkaian, 310; Gipuzkoan, 84; eta Nafarroan, 222. Ostegunean baino 125 lagun gehiago, denera.
25 pertsona osatu egin dira dagoeneko, eta 140k alta hartu dute, etxean sendatzen jarraitzeko.
Miguel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak zerbitzu baten berri ere eman du eguerdiko agerraldian: Osakidetzak bisita birtualak egiteko zerbitzu berri bat jarriko du martxan gaur, erietxean bakartuta dauden pazienteek senideekin hitz egin dezaten. Gaur, Gasteizko Txagorritxu ospitalea egokituko dute horretarako, eta datozen egunetan zabalduko dute zerbitzua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko ospitaleetara.
Kazetariek osasun arloko langileen protesten berri eman diote Sanchezi, eta esan diote hainbat langilek salatu dutela materiala falta zaiela. Hark erantzun die langileak babestea Osakidetzaren lehentasuna dela, eta materiala gutxitzea ez dela borondate edo ekonomia arazo bat, Europa osoan dagoen larrialdi bat baizik. Nabarmendu du material gehiago jasoko dutela datozen egunetan.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak protokolo bat ezarri du lehen sektoreko langileen «osasungarritasuna eta segurtasuna» bermatzeko. Ustiaketarako jarraibideak eta gomendioak argitaratu dituzte.