Oarsoaldeko Hitza egunkariak gaur argitaratu duenez, herenegun goizean pertsona baten hilotza agertu zen Pasaiako (Gipuzkoa) Portuko uretan. Molinao izeneko kai zatian ikusi zuten gorpua, 09:00ak aldera. Azkeneko egunetan hilda topatu duten bigarrena da; otsailaren 26an Vicente Jose Nuñez Fangueiro arrantzale portugaldarra hilda aurkitu zuten San Pedroko lonjaren ondoan, istripuz uretara erori eta gero.
Herenegun, gertakariaren berri izan eta berehala, Gurutze Gorriko eta Guardia Zibileko urpekariak hilotza uretatik ateratzera joan ziren. Behin lehorrean izanda, epailearen zain gelditu ziren gorpua altxatzeko. 11:10ean iritsi zen epailea, eta Donostiako Auzitegiko Medikuntzako Erakundera eraman zuten gorpua.
Dena dela, oraindik ez dute hildakoaren izenik eman, eta bestelako xehetasunik ere ez. Donostiako Epaitegiko bigarren instrukzio Oarsoaldeko Hitza-ri esandakoen arabera, "sekretupean dago ikerketa eta ezin da inolako daturik eman". Portuko Guardia Zibilak, ordea, gorpua gizon batena dela baieztatu du.
Beste hilotz bat aurkitu dute Pasaiako portuan
Gizonezko bat da hildakoa baina oraindik ez dute beste xehetasunik eman. Otsailaren 26an portugaldar arrantzalearen gorpua aurkitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu