gizartea

Beste hiru euskal atunontzi bahitzen saiatu dira Indiako Ozeanoan

'Intertuna II', 'Intertuna III' eta 'Artxanda' ontziek ihes egitea lortu dute. Ustezko 11 pirata atxilotu dituzte erasoetako batean zerikusia dutelakoan. Atzo 'Albacan' Bermeoko atunontzia bahitzen ahalegindu ziren.

2010eko martxoaren 5a
19:16
Entzun
Gaur hiru euskal atunontzi bahitzen saiatu dira Indiako Ozeanoan piratak, Albacora Bermeoko enpresa armadoreak Efe Espainiako berri agentziari jakinarazi dionez. Intertuna II, Intertuna III eta Artxanda dira ontziok -lehen biak Albacorarenak dira-. Beraietako arrantzale gehienak euskal herritarrak dira eta ondo daude. Bestalde, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Atalanta operazioko indar militarrek Intertuna II atunontzia bahitzen saiatu diren 11 pirata atxilotu dituztela.

Intertuna II ontziari Kenyako kostaldetik 350 miliara egin diote eraso, arrantza enpresen patronalek eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez. Ontziko segurtasun pribatuko indarrek tiroka erantzun diote bahiketa saiakerari, iturri berberek azaldu dutenez. Albacora enpresak jakinarazi du Alakrana eta Artza atunontziak Intertuna II laguntzera abiatu direla erasoaren berri izan dutenean, eta eskerrak eman dizkie. Intertuna II Seychelleetara bidean da orain, eta heldu den astelehenerako han egotea espero dute.

Intertuna III eta Artxanda ontziek, berriz, ihes egin dute ustez piratenak ziren ontziak ikustean, Cepesca Arrantzarako Konfederazio Espainiarrak dioenez.

Atalanta operazioaren kide den Frantziako Nivoise gerra ontziak ustezko 11 pirata atxilotu ditu, Intertuna II-ren aurkako erasoan parte hartu dutelakoan, Espainiako Defentsa Ministerioaren arabera. Hori baino lehen, goizean, ustezko bertze 11 pirata atxilotu dituzte Atalantako indar militarrek bahiketa saiakerak gertatu diren inguru berberean, baina horiek erasoarekin zerikusirik zutenik ez dute zehaztu.

Lau bahiketa saiakera 24 ordutan

AtzoAlbacan Bermeoko atunontzia bahitzen ahalegindu ziren han, Kenyako itsasertzetik 350 miliara, eta gaur Intertuna II-ri eraso egin dioten tokitik 70 itsas miliara -130 kilometro-. Tiroketa izan zen eta granada batekin ontzia jotzea lortu zuten erasotzaileek. Hala ere, inor ez zen zauritu eta ontziak ihes egitea lortu zuen.

Indiako Ozeanoan dabiltzan Euskal Herriko hainbat arrantzontzik segurtasun zaindariak dituzte piratei aurre egiteko. 2008an eta 2009an, ordea, artean segurtasun neurriak handiak ez ziren garaian, Playa de Bakio eta gaur Intertuna II laguntzera joan den Alakrana bahitu zituzten: aurrena sei egunez 2008an eta bigarrena 47 egunez iaz. Bietan, ustez, erreskateak ordaindu zituzten askatasunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.