Indarkeria matxista

Beste hiru sexu eraso salatu dituzte sanferminetan

Sexu erasoek ez dute etenik sanferminetan: azkena, emakume batek salatu du bortxatu egin dutela Takoneran. Orain arte hamalau erasoren berri jaso du Poliziak. Berriro ere jendetza elkartu da sexu erasoak salatzeko. Bideoa: Bi zutabe atera dira zezen plazatik eta Errekoleten plazatik Gazteluko plazara, eta milaka pertsonak salatu dituzte erasoak. [Youtube]https://youtu.be/AHnIcKJ7nRk[/Youtube]

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko uztailaren 12a
08:54
Entzun

Jendetza atera zen kalera berriro ere atzo arratsaldean, sexu erasoen aurkako protestara. Etenik ez dago, ordea. Atzo gauetik gaur goizaldera bitartean beste hiru sexu eraso salatu dituzte sanferminetan; ukituak izan dira denak. Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu eraso horiekin lotuta. Horiekin, hamalau salaketa jasoak dituzte dagoeneko —kasu bat artxibatu egin dute, salaketa faltsua zelako; inputatu egin dute emakumea—.

Sanferminak hasi zirenetik egunero-egunero jaso dute sexu erasoekin lotutako salaketaren bat. Ez dago etenik. Atzo bertan jaso zuten bat: Iruñeko andre batek salatu du bortxatu egin dutela Takonera inguruan. Poliziari jakinarazi dionez, goizaldean egin zioten eraso, 05:00 aldera; bortxatu eta gero poltsa lapurtu ziotela azaldu du. Udaltzaingoa ari da kasua ikertzen. Gisa bereko beste salaketa bat jaso du Espainiako Poliziak: larunbat arratsean bortxatu egin zutela salatu du emakume batek.

Jendetza atera zen kalera atzo arratsean ere, eraso horien aurkako protestara. Kalejira isila egin zuten: zutabe bana atera ziren zezen plazatik eta Errekoleten plazatik, eta Gazteluko plazan bat egin zuten. Hamar minutuko isilunea egin zuten protesta modura.

Erantzun irmoa ematen ari dira herritarrak, elkarretaratze jendetsuen bidez. Datuek erakutsi dute arazoaren neurria nolakoa den. Atzo eguerdira arteko bilana egin dute larrialdi zerbitzuek, eta jakinarazi dute denera hamabi salaketa jaso dituztela sexu erasoekin lotuta. Erasoak jasan dituztenek salaketa egitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta herritarrei ere dei egin diete berdin jokatzera.

Erasoek ez dute etenik izan festak hasi zituztenetik. Lehen gauean bertan, bost gizonek eraso egin ziotela salatu zuen 19 urteko emakume batek; bortxatu egin zutela azaldu zuen. Bost gizon atzeman zituzten, eta kartzelan daude; bideoan grabatu zuten erasoa, epaileak autoan jaso duenez. 23 eta 28 urte artekoak dira atxilotutakoak; horietako bat guardia zibila da, eta zerbitzutik apartatu dute.

Bortxaketen inguruko beste bi salaketa ere ikertzen ari dira. Larunbat arratsekoa da bat; 25 urteko andrazko batek salatu du Gazteluko plazako aparkalekuan bortxatu zuela gizon batek. Espainiako Polizia ari da kasua ikertzen. Beste salaketa bat atzo aurkeztu zuten udaltzaingoarenean; goizaldean Takonera inguruan bortxatu egin zutela azaldu du neska batek, eta poltsa lapurtu ziotela.

Bi gizoni, lau hileko kartzela

Gizon bati ere eraso diote sanferminetan; kanpadenda batean lo zegoela beste gizon batek felazio bat egin ziola salatu du. Salaketaren arabera, esnatu zenean ihes egitea lortu zuen erasotzaileak.

Sexu ukituei dagozkie gainerako salaketak. Uniformearekin zegoen udaltzain andrazko bati ere eraso zioten larunbatean. Ukituengatik atxilotutako bi gizoni epaiketa azkarra egin diete jada; lau hilabeteko kartzela jarri diete, edanda egotea aringarritzat jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.