Azken hamarkadetan auzo asko bereizi dira aurretik osatzen zuten udalerritik, herritarrei galdeketa egin ostean. Batzuek kontrako norabidea hartu dute, gertuko hiri edo herriren batekin elkartuta. Igeldo da soka luze horren azkena.
Astigarraga: 1941era arte udalerri independentea bazen ere, geroztik Donostiako auzo bat bihurtu zen Astigarraga. Egoera aldatu zen frankismoaren ondorengo urteetan. 1984an herri galdeketa bat antolatu zuten, eta herritar gehienek Gipuzkoako hiriburua uztea erabaki zuten. Ondoren, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek onartu zuten Astigarraga udal bihurtzea. 1987ko ekainean izan zen hori.
Lasarte-Oria: 1986an bihurtu zen udalerri independente. Kasu bitxia zen udal berriarena, bost udalerritatik hartu zituelako lurrak: Donostia, Hernani, Urnieta, Usurbil eta Andoaindik. Erreferendum baten bidez herritarren gehiengoak eman zion baiezkoa udal bihurtzeari.
Alonsotegi: Barakaldoko auzo izan zen Alonsotegi 1888tik 1991ra arte. 1990eko apirilaren 20an Alonsotegiko herritar gehienek baiezkoa eman zioten bereizteari. Urte bereko azaroan Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu zuten Alonsotegiren ebazpena, eta 1991ko urtarrilaren 1ean udalerri bihurtu zen.
Lekunberri: Historikoki Larraun haraneko kontzejua zen, baina 1980ko hamarkadan desadostasunak hasi ziren, eta 1990eko hasieran bereiztea erabaki zuen Lekunberrik. Bitxia da kasu hau ere; izan ere, Larraungo Udalak oraindik ere Lekunberrin baitu bere udaletxea.
Zierbena: 1991ko martxoan erreferenduma egin zuten Zierbenan, Abantotik bereizi edo ez erabakitzeko. Herritarren gehiengo handiak bereiztearen aldeko botoa eman zuen, eta 1992ko urrian Bizkaiko Foru Aldundiak udal berriaren sorrera onartu zuen.
Mendillorri: Eguesibarko zati zen Mendillorri 1995era arte. Urte horretan herri galdeketa batean erabaki zuten Iruñearekin bat egitea. Beste bi aukera izan zituzten bozkagai herritarrek: udal propio bat osatzea edo Eguesibarren jarraitzea.
Ziortza-Bolibar: Euskal Herrian independentzia lortu duen azken auzoa da Ziortza-Bolibar. 2004an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek Markinatik bereiztea, herritar gehienek erreferendum batean aukera horren aldeko apustua egin ostean.