Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Beste lau urte nahi ditu Patxi Lopezek, «hasitako aro berria itzulezin egiteko»

Lehendakari jarraitzeko hautagaiak desafio egin dio Urkulluri: «Zain nago aurrez aurre eztabaidatzeko»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Harro agertu da Patxi LopezPSE-EEren Nazio Batzordearen aurrean; berak lehendakari gisa egindakoaz eta Eusko Jaurlaritzak bere gidaritzapean egindakoaz harro. Lorpen handiak eskuratu dituela esan du behin eta berriz, baikortasunez betetako hitzaldi batean. Gobernu sozialistak «aro berria» ireki duela adierazi du, eta euskal gizartea horren jakitun dela. Hortaz, esan du seguru dagoela urriaren 21eko hauteskundeak irabaziko dituela; horretarako prest dagoela, eta baduela horretarako indarra. Gobernu sozialistaren beharra dagoela ere adierazi du, PSE-EEren zerrendak ofizialki onartzeko batzar itxia hasteko hitzaldi publikoan: «Lau urte gehiago behar dira hasitako aro berria itzulezin bihurtzeko».

«Iraganeko enfrentamendu eta zatiketa garaira» bueltatzea ezinezkoa izan dadin eta zerbitzu publikoetan oinarritutako eredua garatu dadin eskatu du herritarren babesa: «Duela lau urte askatasunaren alde eta terrorismoa amaitzeko egin genuen deia. Gaur, gure gizarte ereduari eusteko».

Zuzenbide estatua «egonkortzeko» lehendakari izaten jarraitu nahi duela esan du; «zerbitzu publikoak sendotu, ekonomia produktiboa babestu, eta industria zein enpresa sareak laguntzeko».

Estatutuan oinarritutako autogobernua «defendatzen jarraitzeko» ere nahi ditu beste lau urte Lopezek, PPk autogobernua suntsituta murrizketak ezarri nahi dituela iruditzen baitzaio, eta EAJk «zatiketa eta enfrentamendua besterik ez dakarten proposamen independentistak» egin nahi dituela.

Eta «benetako Euskadi solidario, moderno eta lehiakorrerako proiektu bakarra» PSE-EErena dela uste duelako; «herritar guztiak kontutan izan eta inori bizkar ematen ez dion proiektu bakarra». Seguru esan du hori ere, behin eta berriz: «Herri honetan inor bazterrera utzi ez duen gobernu bakarra gara». Hain zuzen, PSE-EEk hauteskunde kanpainarako aldarri nagusitzat mezu horixe erabiliko duela iragarri du lehendakarigaiak.

Datozen hauteskundeetan jokoan dagoena gizarte eredua dela ohartarazi du Lopezek. «Horregatik nago ziur irabaziko dugula», esan du; «jendeak badakielako zer egin dugun eta hori baloratzen duelako».

Urkullu-Lopez «obsesioa»

«Lasai» dagoela dio Lopezek, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiarengana zuzentzeko. Buruzagi jeltzaleari erantzun, eta esan du ez dagoela Urkullurekin «obsesionatuta». «Ez dit loa kentzen, nire obsesio eta lehentasun bakarra Euskadi eta bertako herritarrak baitira». Urkulluri leporatu dio «sozialistenganako obsesio ia patologikoa» izatea , eta Jaurlaritza eskuratu zutenetik irainak besterik ez egitea, «oraindik ez duelako ulertu Jaurlaritza ez dela bere ondarea».

Jarrera aldatzeko eskatu dio, eta esan beharrekoak aurrez aurre esateko. Desafio egin dio zuzenean, beste behin: «Ez dugu gure proposamenak defendatzeko beldurrik. Beste batzuek bai, Urkullu jaunaren zain bainago eztabaidatzeko; haren eta nire proposamenak jendaurrean argitu eta aurrez aurre jartzeko». Jaurlaritzako diru kontuei buruz aritzeko ere prest azaldu da Lopez, baina horretarako datuak esku artean izateko eskatu dio.

Lehendakaria bera ez ezik, PSE-EEko militante guztiak eztabaidarako prest daudela adierazi du alderdiko idazkari nagusi ere badenak. «Gure proiektuarekin konbentzituta gaudelako, ez dugulako ezkutatzeko ezer, eta jendeak badakielako zer egin dugun lau urteotan: terrorismoa amaitu, zerbitzu publikoak defendatu, gure ekonomia lagundu, eta gizarte politikak zein autogobernua defendatu». Jesus Egigureni aipamen berezia egin dio, urteotan eredu izan duela adierazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.