Hirugarren mediku azterketa egingo diote Josu Uribetxebarriari: haren bizi diagnostikoa ezagutu nahi du Auzitegi Nazionalak, eta, horren arabera, pairatzen duen minbizia kartzelan tratatua izan daitekeen. Azterketa berri hori, Auzitegi Nazionalaren menpeko Medikuntza Legalaren Institutuak egingo du. Auzitegi horretako epaile Jose Luis Castrok eman du agindua, baina oraindik ez du zehaztu zein epe izango duten institutu horrek Uribetxebarriari azterketa egiteko. 2012an aske utzi zuten Uribetxebarria, duen gaixotasuna kartzelan ezin trata daitekeela argudiatuta, eta ordutik etxean jasotzen du tratamendua. Baldintzapean aske utzi eta hamar hilabetera, iragan ekainean, beste azterketa bat eskatu zuten, eta erantzuna berbera izan zen.
Fiskalak irtzi propioa dauka: "Uribetxebarria ez da hilurreneko gaixoa, eta espetxean egotea ez da arriskutsu nabarmena haren bizitzarentzat". Zentzu horretan, Donostiako ospitalaren txostenak "inkongruenteak" direla ebatzi zuen (bai 2012koa, bai uztailean egin berri dutena): haren ustez, azterketaren zorroztasun falta deigarria da txosten horietan, eta haren bizi diagnostikoari dagokionez, txosten horiek "definizio falta nabaria" dute.
Azterketa honen bidez, baina, haren bizitzak egoera "larri eta sendaezina" ote duen jakin nahi du epaileak, eta, kasu honetan, ez luke Osakidetzak aztertuko Uribetxebarria, Audientzia Nazionalaren Medikuntza Legalaren Institutuak baizik. Beste mediku azterketa bat egiteaz gain, institutu horretako profesionalek Zaballako kartzela (Araba) bisitatzea nahi dute: hala, han dituzten baliabideak lehen eskutik ezagutzea nahi du Auzitegi Nazionalak, eta aztertu Uribetxebarriaren minbizia bertan trata ote daitekeen edo ez. Medikuntza Legaleko Institutua 2012ko uztailean sortu zen, eta irailean jarri zen martxan. Orduko hartan, epaitegi bakoitzak auzitegi mediku bat zeukan, baina orain bi dituzte, eta iaz fiskaltzak eskatzen zuen bezala, baliteke orain beste auzitegi mediku batek aztertzea Uribetxebarria, eta ez iazko berak.
Ekainean egindako bigarren azterketa horretan, medikuek iazko udan emandako diagnostikoa mantendu zuten: bederatzi hilabetera hiltzeko %50eko aukera du Uribetxebarriak, eta %90ekoa urtebetean hiltzekoa. Mediku txosten horretan adierazten denez, azken hamar hilabeteetan Uribetxebarriak muturreko bi egoera pairatu ditu: tronbosi bat eta hidrozefalia bat. Lehena urrian izan zuen, medikuaren senda agiria jaso aurretik, eta bestea, Aste Santuko oporren aurretik.