Beste pauso bat egiarantz

Ehun bat pertsona bildu dira Donostian, haur lapurtuen auzia dela eta DNA probak egitera; gaur, Gasteizen egingo dituzteProba beren poltsikotik ordaindu behar izana salatu dute ustezko kaltetuek

Susmoak dituzten pertsonak DNA proba egin aurreko agiriak betetzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Badakigu mirari bat izango dela, baina lapurtu ziguten senidea topatzeko geratzen zaigun aukera bakarra da». Itxaropena begietan eta zuhurtzia hitzetan, ehun bat pertsonak egin zuten DNA proba Donostian, lapurtutako haurren auziaren karietara. Bi aste inguru beharko dira orain emaitzak jakiteko. Baina Flor Diaz Anadir elkarteko ordezkariak, proba egitearen garrantzia azpimarratu zuen, eta horretarako hainbat pertsonak egindako ahalegin ekonomikoa. «400 euro inguruko pentsioa duen pertsona batentzat sekulako ahalegina da. Baina, hala izanda ere, asko izan dira animatu direnak. Aspalditik duten zalantza hori argitu nahi dute». Ahotik jasotako listuaren laginean dago haien itxaropena, proba egin ostean lasai irteten ziren gehienak, egia jakiteko beren eskuzegoen guztia egin zutela jakitun. Gaur, Gasteizen egingo dituzte probak. Anadir Elkarteak 370 salaketa jaso ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Donostiako Intxaurrondo auzoko Txara 1 eraikinean zuten ordua. Ehun bat lagun bildu ziren. Sartu, eta Anadir elkarteko hiru kide zituzten zain, datuak eskatzeko. Horietako bat zen Diaz. «Espainiako Gobernuak hitz eman zuen DNA banku publiko bat sortuko zuela gure auzirako, baina begira zertan geratu den dena. Azkenean, geuk jarri behar izan dugu harremanetan alor horretako enpresa pribatu batekin, Genomicarekin, ahalik eta azkarrena egiteko probak. Jende hori ezin duzu zain eta zain eduki», salatu du Diazek. Kaltetuek beren poltsikotik ordaindu behar izan dute proba. Anadir elkarteko bazkide izanez gero, 108 euro eta, bestela, 400 inguru. «Faktura gordetzeko eskatu diegu denei. Banku publikoa sortu ez badute ere, behintzat probaren kostua ordaintzeko eskatzeko asmoa badugu Espainiako Gobernuari».

Handik gertu dago Maite Bastos. Ustez, Donostiako 18 de Julio klinikan lapurtutako ahizparen bila dabil. Ama eta alaba ditu ondoan. Diazen antzera, proba beren poltsikotik ordaindu behar izana salatu du. «Amorru handia hartu dut. Ondo daude babes adierazpenak, baina benetan behar duguna erakundeen inplikazioa da. Eta, halako gauzekin, ageria geratzen da ez dutela egiten».

Bai Bastos eta bai haren anai-arrebak etxean jaio ziren, Orion (Gipuzkoa). «Baina amari fibroma bat atzeman zioten; eta, beraz, erietxera joan behar izan zuen erditzera». Donostiako Ategorrietako 18 de Julio erietxera joan behar izan zuen; 1957. urtea zen. Erditu eta berehala, medikua azaldu zen logelara. «Bazkari batera joan behar zuela esan zion, eta lekaime batek esan zion haurra hilik jaio zela». Bastosen aita lanean zegoen, eta geroago azaldu zen. Bien bitartean, ordea, amak «egoskortu» eta alaba ikusi nahi zuela esan zien. «Azkenean haur baten gorpua erautsi zioten,ia aurpegia ikusten ez zitzaiola. Musu bat ematen baino ez zioten utzi».

Bastosen amak gorpua Orion hilobiratu nahi zuela esan zien. «Mojak ezetz esan zion, haiek arduratuko zirela horretaz, eta erietxe ondoko lorategian ehortziko zutela».

Harrituta geratu ziren horrekin. «Baina nire gurasoek ez zekiten halako egoeretan nola jokatu behar zen. Ezustean harrapatu zituen. Nahikoa zuten gertatu zitzaien ezbeharrarekin, eta ez zuten ezer esan».

Urte hauetan «pentsaezina» egin zaie Bastosen gurasoei alaba lapurtu zietenik. «Erietxekoak oso gaizki portatu zirela baino ez ziguten esaten».

Baina kasuak agertzen joan ahala, lapurretaren aukera pentsatzen hasi ziren. «Amari esan nion klinika berean beste kasuren bat bazegoen ikertu egingo genuela, eta hala izan da».

Bastosek auziaren inguruan dagoen «kaos burokratikoa» salatu du. «Hara eta ona ibili gara, baina ez digute ezer zehatza esaten. Eibarreko erregistro zibilera joan ginen, eta esan ziguten biltegian makina bat dosier eta agiri dagoela. Baina dena nahastua omen dago, eta ez dute denborarik eta modurik dena antolatzeko. Lotsagarria da hori».

Gaiari dagokion seriotasunarekin heltzeko eskatu die erakundeei. «Hau ez da guk asmatu dugun telesail luze horietako bat. Egin zutena gizateriaren aurkako krimen bat da. Argentinan gertatutakoa bezala, baina zibilizatuagoa. Inpunitatearekin jardun zuten, gainera». Auziaren atzean arrazoi politikoak egon daitezkeela ere uste du. «Gure garaian desagertutakoen artean, adibidez, nik dakidala ez dago ez frankistarik eta ez pobrerik».

Merezitako ahalegina

Eva Escalerak garbi du zaila izango dela probari esker zerbait lortzea. «Enpresa horren bankuan zure senidearen DNAren laginak egon behar du, eta hori oso zaila da», aitortu du. Baina hasieratik argi zuten familian proba egingo zutela. «Hau da egia jakiteko geratzen zaigu bide bakarra».

Beasaingoa (Gipuzkoa) da Escalera. Haren ahizpa1975eko apirilaren 17an jaio zen Donostiako San Antonio Klinikan. Jaio eta berehala medikua irten zen, eta esan zien haurra bihotzeko arazoekin jaio zela, eta osasun azterketa batzuk egitera eraman zutela.

Eguerdia zenez, Escalerarekin erietxean zeuden senarra eta bi amonak bazkaltzera joan ziren. Orduan moja bat Mari Carmen Escuderoren senideez galdezka sartu zen gelara. «Amak esan zion Mari Carmen Escudero bera zela eta bere senideak bazkaltzera joan zirela. Orduan, mojak, inongo eskrupulu eta sentiberatasunik gabe, galdetu zion ea nork sinatu behar zizkion haurraren ehorzketaren paperak».

Escaleraren ama zur eta lur geratu zen, sinistu ezinda. «Lehen unetik tratua oso txarra izan zen». Haurra ikusten uzteko eskatu arren, ezetz erantzun zieten. «Oso morea zegoela esan zieten, eta hobe zela ez ikustea. Haiek arduratuko zirela ehorzteaz». Escaleraren ama oso sinestuna zenez, bataiatu gabe nola ehortziko zuten galdetu zion mojari. «Oso modu txarrean erantzun zion jada bataiatu zuela berak, Maria jarri ziola izena eta ama bezain polita zela». Lur jota eta azalpen gehiagorik gabe itzuli ziren Escaleraren gurasoak etxera. «Amak lehenago abortu bat izan zuen, eta pentsa lehen seme-alaba jaio eta halako zerbait gertatzea».

Aspalditik, Escalerak uste izan du gurasoak engainatu egin zituztela. «Nik beti esaten nien, eta kasu gehiago zeudela ikusi genuenean ikertzen hasi ginen». Une honetan jaiotze agiria eta Polloeko hilerriko (Donostia) paper bat dute, egun horretan jaioberri baten gorpua ehortzi zutela esanez. «Baina guk zalantza handiak ditugu horren inguruan. Familia liburuan ez da agertzen nire ahizparen izena, eta, jaio zenez, berez, datu horrek agertu egin beharko luke».

Erakundeetatik jasotako laguntzarekin eta tratuarekin «nahiko pozik» dago Escalera, nahiz eta gehiago egin zitekeela uste duen. «Faktura gordetzeko esan digute, espero dugu itzuliko digutela dirua». Baina hortik harago, ahaleginak merezi duela nabarmendu du. «Behintzat, ahizpa ezagutzeko aukera ematen badigu, eta hari esan beste familia bat ere baduela, gu pozik».

Egia jakitearekin batera, kalte hori egin zietenek justiziaren aurrean erantzutea nahi du. «Inork ez dizkit itzuliko nire ahizparekin izan ez ditudan urteak; baina, gutxienez, ordain dezatela egindakoa».

Gurasoengatik egina

Antonia Book gurasoengatik egin du ahalegina. «Badira urte batzuk hil zirela, baina beti zeuden zalantza horrekin». Donostiako Ospitalean lapurtu zuten ustez Booren anaia, 1974an. «Gurasoak oso pozik zeuden, aurretik hiru alaba izanda, semea izatea lortu baitzuten». Baina jaio eta gutxira esan zieten, hil egin zela. «Ez zieten ezta ikusten utzi ere egin. Nire aita, gainera, itsasoan zegoen lanean. Beraz, amak bakarrik igaro zituen lehen orduak». Egoera hain izan zen gogorra, urte hauetan ez dute gaiaz hitz egin ere. «Etxez aldatu behar izan genuen».

Atzo bertan jaso zuen erditzearen agiria Donostia Ospitalean. «Jartzen duen bakarra da hilda jaio zela. Ez non ehortzi zuten, ez ezer. DNA probarekin ez bada, zail ikusten dut zerbait topatzea». Dena den, erregistro zibilera joateko asmoa du, han agiri gehiago dituzten jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.