Espainiako Gobernuak lau haizeetara zabaldu nahi izan zuen ETA zegoela Madrilgo atentatuen atzean. Horixe ei zen haren hipotesi nagusia, behin eta berriro errepikatu zuenez. Gerora jakin zen Poliziak jasotako lehen frogek egilea talde islamista bat izan zitekeela iradokitzen zutela. Baina bereari eutsi zion Aznarren gobernuak. Eta ondorioak ekarri zituen horrek. Larriena, Iruñean. Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta Legaz hil zuten, tiroz eta labankadaz, Donibane auzoko bere okindegian. 61 urte zituen iruindarrak, eta Gurasoak elkarteko kidea zen. Hil zutela, hamar urte egingo ditu heldu den astean.
Egunero bezala, 2004ko martxoaren 13ko hartan ere, Berruetak zabalik zuen Martin Azpilikueta karrikako denda. 13:30 aldean, emakume bat sartu zen okindegira, Maria Pilar Rubio, eta ETA ez zioen afixa jarri nahi izan zuen bertan; ezetz erantzun zion okinak, eta eztabaida izan zuten biek. Dendaren alboko atarian bizi zen Rubio, eta etxera jo zuen, haserre bizian, senarrari eta semeari gertatutakoa kontatzera. Aita-semeak, Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kidea eta Miguel de la Peña 19 urteko gaztea, handik gutxira jaitsi ziren okindegira. Lau tiro bota zizkion poliziak —hiruk jo zuten—, eta aihotza sartu zion haren semeak. Bertan hil zuten Berrueta.
"Ni lanean ari nintzen, oso gertu, auzoan egiten bainuen lan, eta alboko drogeriakoak deitu egin ninduen, guztia ikusi zuena izan zela, eta hark esan zidan", gogoratu du, hunkituta, Aitziber Berruetak, Angel Berruetaren alabak. "Berehala joan nintzen, eta hesituta topatu nuen dena. Hasieran ezin duzu sinetsi esan dizutena gertatu dela, ezin dela izan pentsatzen duzu... baina iritsi eta, bai, hala zen". Poliziaz inguratuta zegoen haren aitaren denda, eta auzokide ugari ere hurbildu ziren bertara. "Poliziek ez ziguten dendara sartzen uzten; alboan ginen, eta ez ziguten ezer esaten...". Ospitalean baieztatu zieten senideei haien aita hilik zela.
"Une zailak izan ziren, eta are zailagoak ondorengoak, ez baitziguten lasai egoten utzi", dio Aitziber Berruetak. Tentsio handikoak izan ziren ondorengo egunak Donibane auzoan: omenaldietan eta protestetan parte hartu zutenei oldartu zitzaien Espainiako Polizia, baita Berruetaren gorpua beilatzera joandakoei ere beilatoki atarian bertan. "Auzoa indartsu zegoen, kalera atera zen eta babestu egin gintuen. Poliziarik egon izan ez balitz, ez zen liskarrik izango". Euskal Herri osoan protesta ugari eragin zituen hilketak, eta horietako askotan manifestarien aurka egin zuten poliziek. Baina Hernanin Ertzaintzak egindako oldarraldiak utzi zuen ondorio larriena: babes bila atari batean sartu eta bihotzekoak jota hil zen Kontxi Sanchiz.
Bien bitartean, De la Peña aita-semeak atxilotu egin zituen Poliziak, eta espetxera bidali zituen ondoren epaileak. Maria Pilar Rubio, aldiz, inputatu egin zuen, eta Iruñeko erietxe psikiatriko batean ingresatu zuten, "buruko arazoak" omen zituelako.
Epaiketa
2005eko ekainean egin zuten Berruetaren hilketaren nondik norakoak argitzeko epaiketa, Nafarroako Lurralde Auzitegian. De la Peña aita-semeak eta Rubio eseri ziren akusatuen aulkian; lehen biak Berrueta hil izana leporatuta, eta azkena, hilketaren bultzatzaile izatea egotzita —fiskalak ez zuen haren aurkako akusaziorik egin, eta haserrea piztu zuen epaiketaren aurretik egindako adierazpenekin, gertatutakoa "bizilagunen arteko liskar bat" baino ez zela izan adierazi baitzuen.
Frogek eta lekuko ugarik berretsi zuten moduan, aita-semeek onartu egin zuten haiek hil zutela Berrueta, baina ez zutela hil nahi izan gaineratu zuten, baita arazo psikologikoak zituztela eta Rubiok ez zuela zer ikusirik izan ere. "Luzea eta gogorra" izan zen Berrueta-Mañas sendiarentzat epaiketa, baita akusatuak "elkar besarkatzen eta barrez" ikustea ere.
Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela ebatzi zuen zinpeko epaimahaiak. Erailketa egin zutela frogatutzat jota, 20 eta 15 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten Polizia kideari eta haren semeari, hurrenez hurren, eta 10 urtekoa, berriz, Rubiori, hilketa proposatzeagatik. "Justizia egin zela" pentsatu zuen orduan familiak, baina hilabete gutxira Rubio errugabetzat jo zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Manifestazioa izan zen Iruñean errugabetzea salatzeko, eta bertan, Berruetaren seme-alabak jo egin zituen Poliziak. Bien bitartean, senideek erasoak eta mehatxuak jasaten jarraitu zuten. Lehena, Berrueta hil eta bi egun eskasera, telefono bidez denak hilko zituztela esanez. Ondoren, dendaren aurka, autoen aurka, mehatxuzko pintaketak, telefono dei gehiago...
2010eko martxoan, Berrueta hil zuteneko seigarren urteurreneko omenaldiak aurkeztearekin batera, beste berri bat eman zuten haren bizilagunek: poliziak eta haren semeak espetxetik ateratzeko baimenak jasoak zituztela, hainbat tokitan ikusi izan zituztela. Familiak, ordea, ofizialki ez daki deus ere.
Aitortza aldarri
"Egunero gogoratzen dugu aita, baina data hurbiltzean, egun zailak izaten dira guretzat...", aitortu du Aitziber Berruetak. Ez da erraza harentzat ordukoez mintzatzea, baina aitaren biktima izaera aldarrikatzen jarraitzeko beharra ikusten du, aitorpen hori oraindik ez baitute jaso. "Gatazka politiko bat denean, arrazoi politikoek eragindako hilketa bat izan zela esanez epai bat egonik eta hiltzailea estatuko polizia bat izanik, uste dut faktore horiek baditugula; bai, biktima gisa aitortua izan behar du". Aitortza hori da alabarentzat garrantzitsuena, "eta egia, gertakariak; ez zela bizilagunen arteko liskar bat izan, fiskalak adierazi bezala". Gogorarazi duenez, egun haietan "giroa berotuta zegoen Espainiako Gobernuaren aldetik; ‘dena ETA’ zenez, bada hura ere ETA izan zen. Jakin zenean ez zela ETA izan, aitak denda itxi zuen, biktimekiko elkartasunez, baina aitaren hiltzaileen buruetan oraindik ETA zenez, bada hori... azkenean, bere etxean afixa bat ez jartzeagatik hil zuten".
Instituzioen aldetik familiak jasotako tratua ere salatu du. "Arazoa da traturik ere ez dela izan. Kontua da aita ez zela guardia zibila, zinegotzia, alkatea, presidentea... okina zen, beraz, ez dago traturik". Horregatik ez dutela biktimatzat hartzen uste du. Iruñeko Udalean asteon aurkeztutako mozioarekin gertatua ikusita, "duela hamar urte bezala" jarraitzen dutela uste du.
Auzokoek lehen egunetik azaldutako babesagatik, berriz, oso eskertuta daude. "Urtero egin da zerbait bera gogoratzeko; auzoak ez du ahaztu". Sendiarentzat ere, alabaren hitzetan, hamargarren urteurren hau "lehena balitz bezala izango da".