Nafarroako Araitz, Bera, Etxalar eta Larraun udalerriak, Gipuzkoako Amezketa eta Elgeta eta Bizkaiko Busturia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartuko dira heldu den larunbatean, Beran, Uema Egunaren haritik. Horren berri eman zuten Iñaki Iturain Uemako zuzendaritza batzordeko kideak, Josu Irazoki Berako alkateak, Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak eta Jon Bollar Uemako lehendakariak, atzo egindako agerraldian. Uemako lehendakariaren hitzetan, «adierazgarria da azken hilabeteetan Nafarroatik heldu zaizkigula Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko eskaera gehienak». Horrela, larunbatean sartuko diren lau udalerri horiek batuz, Nafarroako hamabi udalerri egongo dira Ueman. Berriki Uemako kide izango diren udalerriak kontuan hartuz, beraz, Uemak 61 udalerri bilduko ditu larunbatetik aurrera.
Dena den, Bollarrek adierazi duenez, badira Ueman ez dauden eta egon nahi duten udalerriak. Horiekin harremanetan daudela jakinarazi du, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen parte izateko ahaleginak egingo dituztela azaldu du Uemako lehendakariak.
Zazpi udalerri horiek Ueman sartzeko egindako eskaera larunbatean egingo dute ofizial Berako Kultur Etxean, Uemaren batzar nagusian. Horren ondoren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hitzarmena sinatuko dute. «Hitzarmen hori udaletako hizkuntza politikaren neurketarekin jarraitzeko sinatuko da», azaldu du Patxiku Irisarrik, Etxalarko alkateak.
Uemak 18 urte
«Aurten Uemak 18 urte bete ditu. Adinez nagusiak gara, eta ez adinez bakarrik: eremuz ere handitu gara. Izan ere, hirukoiztu egin dugu euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuten hasierako udalerrien kopurua», adierazi du Bollarrek. Hala eta guztiz ere, Bollarren hitzetan, oraindik ere asko dago egiteko Euskal Herriko edozein udal eta herritan euskaldunek edo euskaldun izan nahi dutenek euskaraz bizi ahal izateko.
Horren erakusgarri, azken urtean udaletan jarrita dauden Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren postontzietan jaso diren kexak aipatu ditu Uemako lehendakariak. Guztira, berrehun kexa baino gehiago jaso dira, eta horietatik hogei baino gehiago Nafarroan: «Badakigu berrehun kexa horiek egunero gertatzen direnen zatitxo bat baino ez direla. Badakigu erne izan behar ditugula begiak horrelakoak gertatzen direnean salatzeko».
2001. urtean Arbizun izan zen Uema Eguna, eta, garai hartan, Uemak eskatu zion Nafarroako Gobernuari euskarari buruzko 1986ko foru legea bertan behera uzteko eta ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko. Aurten ere, helburu berari eutsi eta Beran Uema Eguna ospatuko da heldu den larunbatean, hilak 13.
Euskarak elkartzen gaituelako lelopean, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean goizetik hasita, txaranga eta txistulariak ibiliko dira Berako kaleetan barrena. Geroago, 11:30ean herri kirolen erakustaldia izango da Altzateko plazan. Ekitaldi nagusiaren ondoren, zikiro jatea izango da Altzateko frontoian, 14:30ean. Arratsaldean Pello Añorgak hainbat ipuin kontatuko ditu ikastolan, eta, egunari bukaera emateko, dantzaldia izango da Garraxi taldearekin.
Beste zazpi udalerri sartuko dira Ueman heldu den larunbatean
Araitz, Larraun, Etxalar, Bera, Elgeta, Amezketa eta Busturia udalerrien eskaera Uema Egunean egingo dute ofizial
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu