Norbere «sektore politikoz harago» une zailak pasatu izan dituzten eta oraindik pasatzen ari diren pertsonak badaudela eta sufrimenduak ideologiarik ez duela ulertu beharraz mintzatu zen atzo ezker abertzaleko eledun Pernando Barrena, Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan.
Erronka handitzat jo du Barrenak enpatia lantzea «sufrimendua jasan duen eta jasaten ari den jendearekiko, egunero haiekin egoten ez garen pertsonekiko». Enpatia hori, ezker abertzaleko eledunaren ustez, «beharrezkoa da; ulertu behar da gure sektore politikoan gertatu denaz eta gertatzen ari denaz gain, lagunen heriotzez edo senide presoez gain, beste pertsona batzuk ere badaudela sufritu dutenak eta sufritzen ari direnak, eta sufrimenduak ez duela ideologiarik» .
Zubiak eraiki
«Garrantzitsua gerturatzea da, zubiak eraikitzea eta ulertzen hastea gizartea oso pertsona desberdinez osatuta dagoela, eta ziur aski arrazoi oso desberdinengatik izan arren antzera sufritu dutenak».
Enpatia gizartearen adiskidetzearen beharrarekin lotu du Pernando Barrenak. Ezker abertzaleko kideak ez du uste adiskidetzea «denok adiskide gisa tratatzen hastea» denik, baizik eta onartzea «gizartean guztiz desberdin pentsatzen duten pertsonak badirela, eta gizarte honetako kide direla neu bezainbat eta edonor bezalaxe».
Barrenak uste du enpatiaren ariketa hori, «ariketa kolektibo hori», Euskal Herrian «erabat beharrezkoa» dela.
«Bestearen mina onartzeko enpatia» eskatu du Barrenak
«Onartu behar dugu sufritzen ari diren beste batzuk ere badaudela, sufrimenduak ez duela ideologiarik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu