Iñaki Azkunaren heriotza

Bete egin dira Bilboko katedrala eta inguruak, Azkunari azken agurra emateko

Hainbat alorretako ordezkariak izan dira Bilboko alkatea zenaren aldeko hiletan. Aitziber Laskibarrek hango berri eman du.

Erakunde ugaritako ordezkariak izan dira hiletan. ARGAZKI PRESS
2014ko martxoaren 24a
08:17
Entzun

Azken agurra eman diote Bilboko Santiago katedralean Iñaki Azkuna zenari. Udalak pantaila handi bat jarri du Plaza Barrian, herritarrek Azkunaren hileta elizkizuna zuzenean ikusi ahal izan zezaten. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetariak kontatu duenez, Ertzaintzaren presentzia handia izan da.

Jendetza batu da hiletan; herritarrak nahiz alor askotako ordezkariak. Eliza eta inguruak beteak ziren meza hasterako. Besteak beste, Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren, Udaltzaingoaren eta armadaren buruak, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendariak, Ibon Areso Bilboko alkatea, Espainiako printzeak eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea izan dira bertan. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Azkunaren senide eta alderdikideei doluminak ematera joan da, baina ez du hiletan parte hartu.

Herenegun goizean familiak eta alderdikideek eman zioten azken agurra Azkuna zenari, Derioko hilerrian (Bizkaia). Haren gorpua erraustu zuten bertan, ekitaldi pribatu eta xume batean, familiak hala eskatuta. Azkunaren senideen alboan izan ziren Iñigo Urkullu, Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Ibon Areso Bilboko alkate berria, besteak beste.

Ostegunean hil zen Azkuna, minbiziak jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.