Iruñeko Udalak azaldu du aurrematrikularen datuek berretsi egiten dutela bi haur eskolak euskarazkoak izatera igarotzearen beharra. Maider Beloki zinegotziak emandako datuen arabera, 2016/17 ikasturterako aurrematrikula eskarien %74,1 beteko dituzte haur eskolek; iazkoa baino "apur bat" handiagoa. Izan ere, 646 leku zeuden iaz, eta 1.051 eskari aurkeztu zituzten (%72,7).
Aurten, 1.042 eskari aurkeztu dira, eta 772 leku daude Nafarroako hiriburuko haur eskoletan. Ostiralean zabalduko dituzte onartutakoen behin-behineko zerrendak, eta maiatzaren 12ra arteko epea zabalduko dute erreklamazioak aurkezteko. Hilaren 20an plazaratuko dituzte behin betiko zerrendak, eta 20tik 30era bitartean izango da matrikulazio epea.
Otsailean erabaki zuen Iruñeko Udalak Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolak euskarazkoak izatea. Hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin, eta "neurriz kanpokotzat" jo zuten Iruñeko hizkuntza eskaintza berria. Belokik adierazi du eskariaren datuek frogatzen dutela bi haur eskolen hizkuntza ereduaren aldaketaren beharra.