Bethi Aitzina bizirik dela aldarrikatu dute

Donaixtiko karriketan 250 pertsona elkartu ziren atzo, San Mixel eskolako okupatzaileen aldarriaren sostenguz

Egoitza herritarrei itzultzeko eskatu zuten manifestariek. BERRIA.
Aitor Renteria.
Donaixti
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bethi Aitzina Bizirik zioen Donaixtiko (Nafarroa Beherea) San Mixel eskolako okupatzaileen kanporatzea salatzen zuen banderak. Ostegunean, epaitegiak agindurik, Poliziak indarrez kanporatu zituen uztailaren 21az geroztik eskola ohia okupatzen zuen jendea. Kanporatzea salatzeko eta egoitza hori herriari itzultzeko eskatzeko, 250 pertsona elkarretaratu ziren atzo. «Hau da marka: 230 pertsona dituen herri batean, 250 manifestari», erran zuen antolatzaile batek.

Izan ere, Garazi, Donapaule eta Zuberoako herritar anitz presente izan ziren manifestazioan, hiru eremuen bidegurutzea baita Donaixti. Manifestazioan, militante abertzale ugari izan ziren, horien arteanezker abertzaleko Xabi Larralde, Anita Lopepe eta Aurore Martin. Manifestazioa San Mixel eskolatik abiatu zen. Joan den osteguneko kanporaketarekin erkatuz, kontraste nabarmena ikus zitekeen. Atzo bi jendarmek zaintzen zuten errepidea, etxe okupatutik 30 metrora, ostegunean hamarnaka polizia zirelarik okupatzaile gutxi batzuk kanporatzeko.

Eskola zaharretik hasi zen manifestazioa, errepidea hartuta. Bethi Aitzina herritarrena eta Eman bizia ametsei izan ziren gehien oihukatutako leloak. Herriko itzulia egin zuen, eta abiapuntura itzuli. «Ez du merezi herriko etxera joatea; ez da nehor», erran zuen manifestari batek. Etxe okupatu ohian egin zuten hitzartzea, euskaraz eta frantsesez.

Ametsa, bizirik

Antolatzaileek nabarmendu zuten eskola izandakoa itxirik egon dela hiru urtez, eta egoitza okupatu zutenetik etxeak eta herriak bizia hartu duela. «San Mixel egoitza egokia iruditzen zaigu bizitegi kolektiboa sortzeko eta gune kultural autokudeatu, parte hartzalie eta herrikoi bat sortzeko», erran zuten eledunek. Lehenik eta behin, etxebizitzen arazo larria azpimarratu zuten. Hutsik dauden etxean anitz badira ere alokairuak sobera garestiak direla azaldu zuten, eta herritarrek etxebizitza duin bat atzemateko zer zailtasun dituztengogorarazi.

San Mixel bizitoki alternatiboa izateaz gain, kulturgune irekia bihurtzea zen okupatzaileen helburua. Erakundeek salatu zuten euskal kultura herritarren jabetza hartu nahi dutela. Salatu zuten erakunde publikoek herritarren esku utzia zegoen kultura profesionalizatzea nahi dutela lehen eragile zuzenak zirenak ikusle pasiboak bihurtuz. Gisa horretan kultura ekonomikoki kudeatu eta diru iturri bihurtzen dela erran zuten. Donaixtiko auzapezaren hitzak gogorarazi zituen, erran baitzien kulturak ez duela dirurik ematen. «Ados, baina gure barnealdea kultur eta ekonomia aktibitate eskasiarengatik husten ari da».

Horren aurka oldartu beharra dagoela azpimarratuzuten. «Etxea okupatu dugun denboran, hiru astean, herriko etxeak hiru urtean baino kultur ekintza gehiago egin ditugu, belaunaldi guztiei begira eta eskualdeko herritar guztiei irekirik, eredu parte hartzaile batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.