1979an sortu zen Jarrai. Zuek artean jaiotzeko egongo zineten, baina zein helbururekin sortu zen?
Testuinguru berezian sortu zen. Trantsizio garaia zen Espainiako Estatuan. Ikusten zen gazteria aitzindari zela borrokan, baina konturatu ziren orokorrean gazteen problemak ez zirela lantzen. Jarraik, sortu, eta gazteen problema horiek azaltzea izan zuen aurreneko lana, eta horren inguruan mugimendu oso bat eratzea, ezker abertzalearen helburu estrategiko diren independentzia eta sozialismoaren norabidean.
2000. urtean, Gazteriak taldearekin bat egin zuen, eta Haika sortu zen Kanboko topagunean.
Gazteriak aipatu behar da aurrena. Ipar Euskal Herrian abertzaleak zatikaturik zeudelako sortu zen hura, eta zatiketaren iraunkortasun horrek lanjerrean ezartzen zuelako mugimendu abertzalea. Gazte batzuek erabaki zuten behar zela tresna bat gazte ezkertiar abertzaleak batzeko eta gazteen problemei erantzun bat emateko. Horretarako sortu zen Gazteriak, mugimendu abertzaleari ere bere indarra eman nahirik. Gero, Jarrairekin harremanak egiten ziren, eta geroz eta gehiago gogoetak ere elkarrekin eramaten ziren. Nazio eraikuntzaren estrategia hartu zelarik, gogoeta bakar bat egin zen bi antolakundeetan, eta horrek ekarri zuen, besteak beste, Haikaren hautua egitea. Eta markatzea, ideologikoki, gazteria bat Euskal Herri gisa pentsatzen duena, jakinez bi estatu zapaltzailek asimilazio luzea eraman dutela mendeetan eta, beraz, urrats bat egin behar zuela gazteriak, inposatutako muga hori hausteko.
Aurrenetakoak izan zineten nazio erakunde bat sortzen.
Argi dugu hautu horretan aitzindari izan garela eta bere fruituak ekarri dituela, aukera eman duelako belaunaldi askok Euskal Herri gisa pentsatzeko eta horren araberako planteamenduak egiteko. Hori ez da beti erraza izan, errealitate ezberdin asko daudelako. Hutsak ere egin ditugu. Baina segur dena da erabaki horrek eramaten gaituela gaur egun bilan bat egitera. Ez bagenitu erabaki horiek hartu, ez genituen hutsak egingo eta ez genuen lortuko geroari begirako hobetze edo birdefinizio bat. Hutsak eginda ere, ikasten dugu huts horietatik. Errealitate guztiak ezberdinak dira, kontuan hartu behar dira, baina nazio estrategia batean segituko dugu. Izenak ez du egiten nazio estrategia bat, baizik eta praktikak. Bultzatu behar ditugu eskualde ezberdinetako probintzia bakoitzeko gazteen trukaketak. Elkar ezagutu behar dugu elkarrekin Euskal Herri bat eraikitzeko. Asimilazio handia jasan dugu denok. Oso militantzia kultura ezberdinak daude. Hamaika errealitate daude, bizi-kultura bera ere ezberdina daukagu... hausnarketa hori ere egin beharrekoa da.
Gero etorri zen Segi. Zergatik?
Haika sortu ostean, Amaiur prozesua egin zen, eta hor, Haikak gazte estrategia eta funtzionamendua zehaztu zituen. Handik gutxira, lehenengo sarekadaegin zuten Haikako zuzendaritzaren kontra. Hori ikusirik eta Haika legez kanpo utziko zutela aurrez ikusita, lekukoa gazteriari ematea erabaki zuen Haikak, eta handik gutxira, 2001ean Segi sortu zen.
Urte hauetan guztietan gazte asko antolatu dira. Mobilizazio ugari egin dira, gazte topaguneak... Zer balorazio egiten duzue?
Nabarmena da gazte antolakundeak Euskal Herriko askapen prozesuari egin dion ekarpena. 33 urteko ibilbidean hainbat gazte belaunaldik borroka horretara lotzen jakin dute, Euskal Herri aske baten alde lanera. Beti egin izan du lan gazte mugimendu indartsu baten alde. Ekarpen hori nabarmena da, eta Euskal Herriari orokorrean ekarpen handia egin dio. Beti jakin izan du egoera berrietara moldatzen, lehenago edo geroago, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, baina beti jakin izan du moldatzen.
Gazteria eraldaketaren subjektu iraultzaile bat dela kontsideratzen dugu, eta, beraz, aktibatu beharreko sektore bat dela. Ikusten dugu ikuspegi horrek ere bere fruituak ekartzen dituela proiektu politikoaren defentsarako momentuan. Azkenean, hastapenetik aldezten dugun independentziaren eta sozialismoaren proiektu hori iraunkortzea lortu dugu, eta gazterian ere lortu dugu gureganatzea proiektu hori. Indar handia da gazte antolakunde bat, askapen borrokan borroka eta antolakundea ezinbestekoa dela bermatzen duena.
Beste mugimendu batzuekin batera, erakutsi du, halaber, borrokaren premia dagoela. Gauzak eraldatzeko lana egin behar dela eta horrek fruituak ematen dituela. Gazteriarengan bestelako balio batzuk ekarri ditu horrek, elkarlanerako balioa, elkartasunerakoa, taldean lan egiteko jakintza, kolektibo sentimendua...
Gazte mugimenduaren erronka nagusiak zein dira?
Kontuan eduki behar dugu, eta zibilizazio krisi honekin inoiz baino nabarmenago ikusten da, sistema kapitalistak bere erasoaldirako tresneria guztia daukala. Balio jakin batzuetan, nabarmena da gazteria bera ere asko aldatu dela, haren bizi-joerak eta. Gazteria kapitalismoarentzat kontsumo produktu bat da, guztiz indibidualizatzailea, eta horren guztiaren aurka lan egin izan du antolakundeak. Gazte mugimenduaren erronka nagusietakoa hori da, bestelako balio horietan lan egitea eta horiek hedatzea.
Gazteriari gordinki eragiten dioten problemei erantzutea da erronka nagusia. Beste alternatiba batzuk eraikiz egiten da hori, eta ez bakarrik dagoena deuseztatuz. Bizi-eredu jakin bat eraikiz, balio horietan oinarriturik.
Segik egin du ekarpenik horretan?
Bai, bere mailan bai. Lehen esan den bezala, mugimendu guztiak ziklikoak dira, eta nahiz eta 2008-2009 alde horretan sumatzen hasi ginen ziklo hau amaierara iristen ari zela, aurretik fruituak eman izan ditu. Segiren lana, gazteen problemei erantzun eta independentziaren eta sozialismoaren alde lan egiteaz gain, gazte mugimenduan eragitea eta hura indartzea ere izan da. Loraldi bat sumatu zen hor, 2005 inguru horretan. Gazte mugimendua oso indartsu zebilen, etxebizitzaren inguruko borrokekin, musikan, komunikazioa, sexualitatean... ekarpena hor gelditzen da.
Segi orain amaitzen bada, ez da helburuak bete direlako; helburu horiek hor jarraituko dute. Beti egongo da gazte errealitate jakin bat, eraldatu beharreko errealitate gordin bat. Gaur egun inoiz baino argiago dago gazte problematika jakin bat dagoela eta hori aldatzeko grina badagoela.
«Beti egongo da aldatu beharreko gazte errealitate gordin bat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu