Inoiz ez dut huts egiten; euskararen aldeko manifestazio guztietara joaten naiz. Kalera atera behar dugu gure hizkuntzaren alde». Koro Lopez de Sabandorenak dira hitzak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1946). Ederki daki euskararen alde lan egitea zer den, beti aritu baita horretan. Lizarrako ikastolaren sorreran parte hartu zuen, 24 urterekin. «Ezkondu, eta harat joan ginen. Sei umerekin jarri genuen martxan ikastola; Bizkaiko beste neska bat eta ni aritzen ginen».
Orduko zailtasunak fresko ditu buruan Lopez de Sabandok. Oztopoak eta debekuak. Sorterrian ikasi zuen kontrako haizeari aurre egiten: «Etxarri Aranatz orduan baino euskaldunagoa da orain. Ni han bizi nintzenean, kalean ez zen euskaraz egiten; debekatuta zegoen. Etxeko hizkuntza zen, eta ez guztietakoa. Euskaraz hitz egiten genuenok ere ez ginen alfabetatuak. Gure herrian, galtzeko zorian izan zen euskara».
Alfabetatzeko ahalegina eta lana bere kabuz egin zuen Lopez de Sabandok. «Garai latza izan zen; oztopo eta zailtasun askori aurre egin behar genion». Egoera horren adierazle, Lizarran ikastola sortu zutenean egunero Guardia Zibilaren «bisita» jasotzen zutela azaldu du Lopez de Sabandok. «Haurren artean batek Ruiz de Alda zuen abizena; frankismoaren garaian abizen ospetsua zen hura. Ikasleen zerrendan abizen hori jartzen genuen lehenbizikoa, eta, horri esker, guardia zibilek alde egiten zuten», gogoratu du.
Irakasle lana lehen semea izan zuenean utzi zuen. «Argi nuen euskaraz hazi nahi nuela semea». Euskararen aldeko konpromisoari, hala ere, eutsi zion. Eta sendo. Lizarratik Iruñera mugitu zen familia. «Etxarri Aranatz baino euskaldunagoa iruditu zitzaidan hemengo giroa. Nik, egia esan, beti bilatzen nituen euskaldunak».
Bilaketa horretan, Andres Iñigoren eskutik egin zuen bertze urrats bat: «Hizkuntza eskolan hasi nintzen ingelesa ikasten, eta bera zen zuzendari; esan zidan Iruñerrian bazela irrati euskalduna martxan jartzeko proiektua, eta buru belarri murgildu nintzen zeregin horretan».
Euskalerria irratiak beti izan du Lopez de Sabandoren babesa. Herritar anitzena. «Herritarrak izan direlako euskararen alde lan egin dutenak, administrazioak jarritako oztopoen gainetik».
Argi du lan horren emaitzak agerikoak direla. «Lizarran egon nintzen atzo, eta kalean, orain, euskara entzuten da. Bestelakoa zen ni herrira ailegatu nintzeneko garaia. Urte luzez, hango jende askorentzat, la vasca izan nintzen ni. Orain, ikastola zentro sendoa da; eredugarria. Ikastola asko eta D ereduko eskola publikoak ere badaude Nafarroan; gauzak asko aldatu dira, oraindik egiteko asko dagoen arren».
Euskalerria irratiaren auzia ere «eredugarria» dela uste du. «Eredugarria, Nafarroako Gobernuaren jarrera zikinaren adibide garbia delako, batetik; eta, bestetik, herritarren kemenaren eta lanaren indarra erakusten duelako. Hor daude bazkideak, irratiari sostengua ematen; eta hor dira irratiko kideak, lanean, aurrera egiten. Oztopo guztien gainetik, aurrera jarraitzea lortu dute».
Euskara maite du Lopez de Sabandok. Eta sumatzen zaio. Horregatik, Nafarroako Gobernuak hizkuntzaren aurka duen jarrera, neurri handi batean, ulertzen zaila egiten zaio euskaltzaleari. «Berea denari gorrotoa dio gobernuak; bere buruari gorrotoa dio, beraz. Eta hori ezin da ulertu. Mingarria da. Oraingo gorroto hori ez dut inoiz ikusi. Gogorra da».
Isilean egindako lana
Gobernuak herritarren mugimendua ito nahi izatea salatu du Lopez de Sabandok. «Euskaltegien, aldizkarien egoera latza da; ezin dugu halakorik onartu». Eta argi du herritarrek ez dutela onartuko eta lanean jarraituko dutela: «Oztopo guztien gainetik, aurrera eginen dugu. Lehen ere bizi izan ditugu garai zailak, eta egin dugu aurrera. Pena da, oraindik ere, egun ditugun zailtasunei aurre egin behar izatea. Baina lortuko dugu. Gure hizkuntza delako, gure kultura delako».
Herritarren euskararen aldeko lan hori, anitzetan, «isilean egindako lana» dela nabarmendu du. «Euskara, askotan, horixe izan da hemen: isileko lana».
Isilean egindako lan horri buruz anitz daki Juliana Igarzak ere (Elorrio, Bizkaia, 1928). 1970etik Iruñea du bizitoki. Euskalduna eta euskaltzalea. Euskara jaso eta euskara eman duena. Jesus Atxa senar zuenarekin batera, Nafarroako ikastolen sorreran lan handia egindakoa.
Iruñeko Irrintzi dorrean du etxea Igarzak; Euskalerria irratiak eta BERRIAk egoitza duten eraikin berean. 1970eko hamarkadan, euskaraz aritzen zen haurtzaindegi bat bazen dorre horretan, eta han aritu zen Igarza, hamaika urtez, haurrak zaintzen. «Gustura aritzen nintzen; haurrak gogoko nituen. Kantak prestatu, margoak erosi, denetarik egiten nuen. Dena euskaraz».
Elorrioko eta Iruñeko orduko giroen arteko aldea nabarmendu du. «Elorrion euskaraz egiten genuen beti. Nik nire gurasoei hitz bakar bat ere ez diet esan gaztelaniaz. Iruñera etorri nintzenean, erdalduna zen hemengo giroa; baina etxean, noski, euskaraz egiten genuen. Beti». Hala ere, ez zaio ahaztu eskolako mojekin gaztelaniaz egin beharra.
Jesus Atxa San Fermin ikastolako zuzendari izan zen, urte luzez. Elorrioko ikastolan ere aritu zen lanean. «Iruñera etorri baino lehen, Jesusek bazituen lagunak Iruñean, eta parte hartu zuen ikastolak sortzeko mugimenduan. Lan handia egin zuen». Horregatik, Jorge Cortes Izalen deia jaso zuenean, ikastolei eta euskarari bultzada emateko, ez zuen zalantzarik egin.
Euskararen aldeko herri mugimenduak eginiko lanaren emaitza agerikoa da, Igarzaren ustez. «Iruñeko giroa euskalduntzen joan da; jendeak badu gogoa eta ilusioa ikasteko. Entzuten da kalean, eta horrek poza ematen du».
Herritarren lanari eta gogoari oztopoak jartzen dizkion gobernuaren jarduera kritikatu du Igarzak. Lopez de Sabandori bezala, ulertzen zaila egiten zaio jarrera hori. «Niretzat euskara dena da». Horregatik bat egin du euskalgintzaren manifestazioarekin. Horregatik jarraitzen du euskarari arnasa ematen.