Mariano Rajoy Espainiako Gobernuak PPren ustezko ustelkeria kasuari buruz emandako azalpenei erantzun diete Aitor Estebanek, Xabier Mikel Errekondok, Carlos Salvadorrek eta Uxue Barkosek; hurrenez hurren, EAJko, Amaiurreko, UPNko eta Geroa Baiko diputatuek.
Amaiur
"Bizikletan partxe bat proposatzera zatozte. txanpon bereko bi aldeak dira Mariano [Rajoy] eta Alfredo [Perez Rubalcaba]", esan dio Errekondok Rajoyri, eta nabarmendu du "irtenbide bakarra sistema politiko, ekonomiko eta judizialaren haustura" dela.
”Zuzenbide estatua” eta ”probetxuzko estatua” nahastea egotzi dio PPri; gogoan izan ditu, besteak beste, Espainiako erregearen suhia nahastuta dagoen ustelkeria kasua eta Enrique Rodriguez Galindo generalak, Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatu eta hitzea egotzita ezarritako zigorretik, espetxean lau urte baino igaro ez izana.
EAJ
Estebanek esan du arazoa ez da alderdien finantzaketa, baizik eta finantzaketa pribatua jasotzen duten aldediek guztiei diru iturri publikoak itxi nahi izatea. Espainiako egoera orokorrari errepasoa egin dio, eta ondorioztatu: "Gero harritzen zarete batzuek Espainiaz kanpoko proiektuak egin nahi badituzte”.
Alderdien legez kanpoko finantzaketa delitua sortuko duela iragarri du Rajoyk; Estebanek, berriz, erantzun dio horrek, gardentasun legeak eta beste alderdi batzuen finantzaketaz hitz egiteak ez duela balio: "Barcenas auzia zuena da".
UPN
"Ekaitzaren erdian" Rajoyk ez duela dimisioa eman behar uste du Carlos Salvador diputatuak. Barcenas auzian "moral bikoitza" dagoela adierazi du, eta kritikatu Rajoyren dimisioa eskatzen duten diputatu ugarik "inoiz" ez dutela ardurarik eskatu euren alderdietan.
Salvadorrek espero du Barcenasen salaketak "oinarririk gabekoak" izatea, eta dimisioa ez emateko eskatu dio "tunel honen amaieran argia ikusi arte".
Geroa Bai
Barkosek esan du Barcenas auzia "gaizki eraikitako sistema baten izozmendi baten erpina" baino ez dela eta hanka sartu zuela esatea ez dela nahikoa. ”Horrek balio lezake auzia Luis Barcenasekin hasi eta bukatuko balitz. Baina PP osoa hartzen du”.
Kongresutik kanpo, beste eragile politiko batzuek ere euren iritzia plazaratu dute, Rajoy presidentearen adierazpenen harira.
Laura Mintegi: "Gutxi batzuk kenduta, legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek dute ezkutatzeko zerbait"
Laura Mintegi EH Bilduko eledunaren ustez Espainiako Kongresuko saioa "oso azalekoa" izan da, "talde txiki eta gutxi batzuk izan ezik, legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek baitaukate ezkutatzeko zerbait". Mintegiren ustez, bai Rajoyk bai Perez Rubalcabak "gertatutakoaren kronika bat besterik ez dute egin", eta Espainiako presidenteari ez diote galdetu zergatik jaso zituen aparteko dirusariak. "Arazoa ez da Barcenas ez Rajoy, estatu eredua da arazoa: agerian geratu da hori Nafarroan, ustelkeria estaltzeko prestatutako egiturarekin, baita Andaluzian ere, eta oro har, alderdi guztietan", adierazi du Mintegik.
Mintegiren ustez, "hariari tira eginez gero", hauteskunde kanpainez gain, aparteko dirusariek "programa eta gobernu erabakietan ere eragiten dutela ikusi daiteke". Mintegik adierazi duenez, Espainian garatzen ari diren politika asko "ez dira alderdien egoitzetan erabakitzen, interes ekonomikoak dituzten beste instantzia batzuetan baizik".
Javier de Andres: "Pozik nago hanka sartzea publiko egin duelako"
Arabako ahaldun nagusi Javier de Andres pozik agertu da Rajoyk bere hanka sartzea publikoki onartu duelako. De Andresen ustez, Barcenas "ez zen jaso zuen konfiantza jasotzeko pertsona egokia", eta zentzu horretan, "pozik" dago Rajoyk "bere hausnarketa publiko egin" duelako.