Gernikako Akordioa izenpetzen duten eragile politiko, sindikal eta sozialek adierazi dute Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakia "bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzena" dela. Horregatik dei egin diete herritarrei apirilaren 14an Bilbon antolatuko duten manifestazio nazionalean parte hartzera; "Euskal jendartearen borondatearen aurkako eraso zuzen honi eman beharreko erantzuna bertan bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialotatik harago joan dadin".
Halaber, jakinarazi dute harreman erronda bat irekiko dutela mobilizazioarekin bat egin dezaten. Eta harreman horiek emango dutenaren esperoan, mobilizazioaren lema zein karakterizazioa zehazturik gabe daudela azaldu dute.
Bitartean, bat egin dute bihar Iruñean Herrirak antolaturiko mobilizazioarekin eta Euskal herritarrak animatu dituzte "era masiboan" parte hartzera.
Gernikako Akordioaren esanetan, atzo jakinaraziriko erabakiarekin, Espainiako botere eta aparatuek agerian uzten dute berriro ere Euskal Herrian irekiriko agertoki berriarekiko euren borondatea zein den eta ez duela gatazkaren konponbide politiko eta demokratiko bat nahi.
Eragileen ustez Espainiako Estatuak blokeo egoera "betikotu" nahi du, irekiriko aukera "ustel" dadin. Eragileek ogoratu dute erabaki "oso-oso larri" baten aurrean gaudela: "Biziarteko zigorraren legeztapena".