Denbora luzez prestatzen ibili ostean, gainean da Gure Esku Dago-ren igandeko ekitaldia. Herrietako hainbat batzordek euren ibilbidea errepasatu dute Gipuzkoako Hitza-rekin.
AZPEITIA
Azpeitiko Gure Esku Dago 2013ko ekainean jarri zuten martxan, Angel Oiarbidek herrian egindako aurkezpen baten ostean. Aurkezpen hartan izan zen Lurdes Isart (Azpeitia, 1965), eta berehala batu zen taldera: «Lauzpabost lagun hasi ginen, eta zenbait deialdi egin ostean, jendea elkartzen joan zitzaigun». Egun, 25 lagun dira. Hiru lantaldetan banatuta daude; ekimen, harreman eta komunikazio taldeetan. Azken horien arduraduna da Isart, eta azken asteetan nabaritu du lan eskerga: «Lehen, bi astean behin elkartzen ginen; orain, astero». Joan zen urteko giza katea antolatzeko lan asko egin zuten Azpeitian: hitzaldi ziklo bat, Soreasuko ekitaldia eta herriko aurpegi ezagunekin grabatutako bideo bat, esaterako. Udalbatza ezberdinetan aritutako alkate eta zinegotziek ere atxikimendua eskaini zioten Gure Esku Dago-ri, eta «oso garrantzitsua» izan zen hori Isarten ustez.
Iazko ekainaren 8an, Zumarragan izan ziren 2.000 azpeitiar inguru, 45. eta 46. kilometroetan. Isartek dio giza katea «erreferentzia» bilakatu zela, eta horrek lanak erraztu dizkiola erabaki eskubidearen aldeko dinamikari. Azpeitia jarri du adibide: «Herrian, batzuengana errazago iritsi ginen, baina beste batzuengana heltzeko lagungarri izan zen giza katea».
Ilusio handiarekin hartu zuten giza katearen erronka, baina, bestalde, kezka txiki bat ere bazutela aitortu du: « Lanean jardun eta gero, itxaropen handiak genituen, gerora bete zirenak». Iaz, pentsamolde ezberdineko jendea mobilizatzea lortu zuten, baina gizartearen zati batek izan zezakeen errezeloa gainditzea izan da Isart eta taldekideen aurtengo helburua: «Erabakitze eskubidearen inguruko pedagogia eta gaiaren sozializazioa» bultzatu dute, eta uste du aurrerapauso nabarmenak lortu dituztela. Hala ere, oraindik zer egin badela irizten dio: «Kaleko jendearengana gehiago gerturatu nahi dugu, berdin dio zein pentsamolde, adin edo esparrutakoak diren».
Igandera begira lan asko egin dute; besteak beste, jendearen ikuspuntua jakiteko galdetegi batzuk jarri zituzten. Ehuntze Eguna ere egin zuten, eta San Sebastian bezperako danborradan Gure Esku Dago-ren abestia jo. Eskoziako galdeketaren egunean bideo emanaldia izan zuten herriko plazan.
Igandean oinarrizko eskubide baten aldeko aldarria egingo dute milaka azpeitiarrek Donostian, eta hortik aurrera lanean jarraitu behar dela azpimarratu du Isartek. «Soreasu antzokian abiatutako olatua geldiezin bilakatzeko garaia da, eta igandekoak beste mugarri bat izan behar du» lanketa horretan, Isartek azaldu duenez.
Zaldibia
Zaldibiarrak ere Angel Oiarbideren bidez hasi ziren lanean. Azpeitiarrak baino pixka bat lehenago hasi ere, 2013ko udaberrian. Zaldibiarren kasuan, Oiarbide herritar batekin jarri zen harremanetan, eta hark egin zuen Jon Ordozgoiti (Zaldibia, 1983) eta beste lau kiderekin ekimenaren oinarria jartzeko modua: «Hasi ginen bostok jarraitzen dugu, baina ekitaldi konkretuetarako herritarren laguntza jasotzen dugu». Lehen, astelehenero elkartzen ziren, baina ekainaren 21eko ekitaldiak antolatzeko bizpahiru aldiz batu dira azken asteotan. Azpeitiarrek ez bezala, zaldibiarrek ez dute ardura finkorik, eta lanak «datozen heinean» banatzen dituzte.
Goierritarrak izaki, iazko giza katea «oso gertutik» bizitzeko aukera izan zuten. Beasain eta Ormaiztegi artean egotea egokitu zitzaien, eta gero Lazkaora joan ziren: «Ezagun asko zegoen han, eta herritarren ilusioa nabaria zen», Ordozgoitiren esanetan.
Horrek lanean jarraitzeko adorea eman die zaldibiarrei, eta aurtengo ekitaldiei begira ere indartsu aurkitu ditu herritarrak; apirilaren 25eko Ehuntze Eguna jarri du adibide gisa: «Musika, bertso eta poesia artean josi genituen oihalak, eta sekulako giroa egon zen». Horrez gain, ekainaren 21a gerturatu ahala ostiral eta igandetan kamisetak saltzen aritu dira, eta harrera ona izan dutela adierazi du Ordozgoitik.
Maiatzaren 24ko hauteskundeek «giroa apur bat hoztu» zutela uste du, baina igandeko ekitaldia gerturatu ahala berriz martxa hartzen ari dela dio, nahiz eta ez duen duela urtebeteko mailan ikusten. Herrian erabakitze eskubidearen gaia txertatu den galdetuta, Ordozgoitik gaia «entzunago» dagoela azpimarratu du, baina ez dagoela lehen bezain bero: «Agian, egunerokoan ez zaiolako garrantzirik ematen».
Hala ere, pozik agertu da igandera begira zaldibiarrek emandako erantzunarekin: «Uste baino jende gehiago batu da, 470 atxikimendutik gora lortu baititugu. Horrez gain, 160 sarrera saldu ditugu Anoetarako». Hasieran ez zuten hainbeste jende espero, are gutxiago Zaldibian 1.400 pertsona bizi direla jakinda.
TOLOSA
Beñat Sarasolak (Tolosa, 1976) argi du iaz giza katean bildutako 150.000 herritarren kopurua gaindituko dutela. «Pilak kargatu genituen, eta oraindik ez zaizkigu agortu. Igandeko ekitaldiarekin berriro beteko ditugu».
Asteartero zortzi bat lagun biltzen dira batzordean. «Giro bikainean eta ilusioz» aritzen dira, eta jende asko eta asko dute inguruan laguntzeko. «Mesederen bat eskatzen dugun bakoitzeko, erantzuna beti baiezkoa da. Nabari da herritarren babesa». Sarasolak dioenez, erabakitze eskubideak batzen ditu, baina, aldi berean, lagun talde bat sortzea ere lortu dute. «Dinamika positiboa da zentzu guztietan».
Lan egiteko orduan, ardurak banatzen dituzte; «konfiantza osoa» dute elkarrengan. «Ilusioz lan egiten dugu, eta, beraz, nola ez izan konfiantza bakoitzak egiten duen lanean?». Batzuek ekonomia ardurak dituzte, beste batzuek komunikazioa, besteren batek idazkaritza, eragileekiko erlazioak... Batzordearen bilerak egindako aurrerapenak komentatu eta eman beharreko pausoak zehazteko izan ohi dira. Tolosako bileretan ez ezik, eskualdekoetan eta Gipuzkoakoetan ere parte hartzen dute.
Bide ezberdinetatik batu zen jendea Tolosako batzordera, duela bi urte. «Ilusio handiz lan egin genuen, aurrean genuen erronka handia zela jakitun». Giza katearen aurreko hilabeteak «lan karga handikoak» izan ziren arren, Sarasola ziur da merezi izan zuela: «Hasiera izan zen, jarrera baten hasiera. Ondokoari eskutik heldu eta norabide berean jarri gintuen ekinbidea». Tolosaldeak Beasain eta Lazkao batu zituen iazko ekainaren 8an. Izen- emateetan zuten jende kopurua handitu zuten: 6.500 pertsona inguru zenbatu zituzten. «Ziur gaude joan ez ziren horiek gauean Teleberri ikusi eta hurrengo egunean egunkaria irakurri zutenean ondorengoa galdetu ziotela euren buruari: zergatik ez ote naiz joan?». Horregatik, uste du aurreko urtean gogoz gelditu zen herritar oro batuko dela aurten. «Herritar hori ere jostun bihurtuko dugu, jende gehiago erakarriko duelarik. Dinamika geldiezina da».
Oroitzapen gozoak gordetzen ditu Sarasolak iaztik; giza katea amaitu osteko besarkadak, batik bat. «Jendearen aurpegiak begiratzea besterik ez zegoen. Bero zen, baina inor ez zen kexatu. Denbora luzea itxaron behar izan zen, baina inor ez zen kexatu. Gogoa eta ilusioa zen nagusi». Iaztik, herritarrek jada ezagutzen dute Gure Esku Dago, eta, beraz, alde horretatik errazagoa egin zaie aurtengoa: «Jendea era jatorrean gerturatzen zaigu, eta ez dugu etengabe nor garen eta zer nahi dugun azaltzen ibili beharrik».
LASARTE-ORIA
«Dudarik gabe, iazko giza katea abiapuntu inportantea izan da 2014-2015 ikasturterako». Oihana Beltranek (Lasarte-Oria, 1981) dioenez, iaz zebiltzanekin batera jende berria saretzea jarri zuten erronka ikasturte berrirako, eta sare zabala sortzen ari dira. 20-25 pertsona elkartzen dira batzarretan, eta batzarren dinamikak lantaldeetara herritar gehiago ekarri du, herritar berriak aktibatu ditu egitasmoaren antolakuntza lanetarako. «Oinarria edo lan ardatz inportanteena tutore bidezko saretzea izan da. 50 bat tutore lortu ditugu, eta mila bat herritar saretu ditugu, guztiak 16 urtetik gorakoak.
2013ko urrian abiatu zen Lasarte-Oriako taldea. Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kidearekin hitzaldia antolatu zuten, eta han egin zuten lehen urratsa. Dinamika ezagutarazi eta lehen atxikimenduak lortzerakoan, «uste baino jende gehiagok» parte hartu zuen. Herriko elkarte eta eragileengana jo zutenean konturatu ziren talde gisa babesa ematea ez zela erraza, eta atxikimendu pertsonalak landu behar zituztela, herritarrenak. «Aniztasuna landu nahi izan dugu hasieratik deialdi, argazki, aurkezpen, ekitaldi publiko eta jarduera guztietan».
Uharte Arakilen egokitu zitzaien kilometroa giza katean: herriko 800 lagun inguru bildu ziren —14 urtetik beherako haurrak ere zenbatuta—. Egindako lanarekin pozik eta emaitzarekin gustura geratu ziren. «Herritarren aldetik ere sentsazio bertsuak jaso genituen, ilusioa, poza eta indarra».
Gainerako herrietan bezala, askotariko ekintzak prestatu dituzte igandeko ekitaldiaren aurretik: abenduan gauzatu zuten lehen ekintza lehenengo saretuekin; martxoan oihal kate-kalejira egin zuten, eta Joste Eguna apirilean. Abesti propioa ere sortu dute, eta egun horretan aurkeztu zuten. «Postontzi erraldoi bat irudikatu genuen margotutako 40 bat oihalekin. Eta oihalak josi genituen plazan. Gure ekintza jendetsuena izan zen dudarik gabe. Abestiak dioen bezala, bi esku hamar hatz, baina itxaropenak dira hamaika… Herritarren itxaropenak betetzeko ahalegin horretan plaza lepo bete zen».
Erabakitze eskubidearen bueltako sarea osatzea prozesu gisa bizi dute, eta ahoz ahoko lanak etengabekoa izan behar duela iritzi diote: «Ikasturte honetan eraztun bat osatu dugu, eta hurrengo ikasturtean bigarren eraztuna sortzen jarraitu beharko dugu, lehen eraztunean saretu diren herritarrak urrutiago egon daitezkeen herritarrengana eta eragileengana hurbilduz». Pausoak eman diren arren, «herritar asko saretzeko dago oraindik».
Bergara
«Egindako lanaren fruituak jasota» ekin zioten aurtengo ikasturteari Bergarako Gure Esku Dago-ko kideek. Eñaut Uriartek (Bergara, 1973) azaldu duenez, iaz giza kateak izandako harrerarekin oso pozik geratu ziren batzordean, eta ordutik osatzen joan den sare zabal baten barnean ari dira orain lanean. «Iazkoaren ondoren, jendeak Gure Esku Dago zerbait positibotzat hartzen du».
Bergarako jaiak egokitu zitzaizkien ekainaren 8aren bueltan. «Jaiak zirela-eta azpiegitura bazegoenez, Bergara gune bat izatea proposatu zen». Lan handia izan zuten kontzertuak eta abarrak antolatzen, baina emaitzak merezi izan zuen. «Hasierako helburuetako bat giza katean 600 pertsona inguru biltzea zen, eta 2.700 herritar inguru elkartu ziren».
Bergara inguruan giza katean kokatuta zegoen jendea herrira joan zen gero: tabernariak lanez lepo eta herria beteta, «aspaldi halako jendearekin ikusi barik».
2013ko urri-azaro inguruan hasi ziren Bergaran elkartzen. «Hasieran jendeak bazuen mesfidantza apur bat. Gazta zati bat dokumentala proiektatzeak asko lagundu zigun, eta aurkezpena egin ondoren, poliki-poliki jendea gerturatzen hasi zen». Bizpahiru lagun ziren hasieran, eta ekainaren 8a gerturatu ahala gehituz joan ziren: hogei lagunetik gora elkartu ziren giza katearen aurreko azken bileretan.
Aurten, zortzi-bederatzi lagun elkartzen dira astero, baina sare bat dute inguruan, «beti laguntzeko prest dagoena». Ahalegin horretan, askotariko jarduerak prestatu dituzte herrian, iganderako motorrak berotzeko: Eskoziatik Gillian Martin gonbidatu dute; Alfons Bech aritu da Kataluniako prozesuaz; Jostunak dokumentala eman dute, Ehun-ka lehiaketa antolatu dute, Joste Eguna, elkarrizketak egin dituzte Txapa irrati librean...
Uriartek dioenez, ikusi da Gure Esku Dago-k era ezberdinetako herritarrak elkartzen dituela; hala ere, uste du oraindik badagoela mesfidantza apur bat, eta elkarrizketa gehiago behar dela. «Hutsetik hasi ginen lehengo urtean, eta zaila da hutsetik hasita dagoeneko dena barneratuta edukitzea. Komunikabideetan agertzeak ere laguntzen du. Badoa poliki, baina badago lana egiteko».
ERRENTERIA
Errenteriako batzordeko Olatz Mitxelena (Errenteria, 1974) baikorra da igandeari begira, orain arteko babesa ikusita: «Helburua ehun oihal saretzea zen, eta aurreko asterako helburu hori beteta zegoen». Herritarren aldetik jasotako erantzuna oso ona izaten ari dela dio, duela urtebete lortutakoaren ildo beretik: «Iaz Errenterian 1.200 lagun saretu ziren, aurten 100 oihal eginda 2.000ra egin da jauzi, eta 21aren atarian pozik gaude, eguna disfrutatzeko gogoz». Egunean bertan ere, lana egitea tokatuko zaie batzuei: oihalak Donostiara eramango dituzte batzuek; eguerdiko zubiaren inguratzean parte hartuko dute beste zenbaitek —danborradetan, trikitilari gisa...—. Beste asko euren kabuz iritsiko dira hiriburura, familia eta lagun artean.
Errenterian ikasturte hasierarekin batera hasi ziren ekitaldiak prestatzen. «Iaztik saltsan bazebilen jendea, eta batzordea biziberritu eta zabaldu zuten». Lantaldean zortzi bat lagun aritzen dira, baina horietako bakoitzak inguruan talde zabalago bat du. Hamabostean behin bildu dira; astero azken asteetan.
Igandeko ekitaldia iritsi aurretik, ekintza ugari izan dira herrian: azaroan Zurriolan egindako ekitaldirako deialdia egiteko, esaterako, mila kandela piztu zituzten erabakitzeko eskubidearen alde. «Indarra hartzeko une bat izan zen». Jostunak dokumentalaren aurkezpena baliatu dute aurtengo dinamikaren berri emateko, eta, beste hainbat herritan bezala, Joste Eguna ere egin dute.