Ertzaintzak 14 eta 16 urteko bi mutil atxilotu ditu Bilbon, hiriko lau saltokitan aste honetan lapurreta egin dutelakoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, bi adintxikikoek pistola bat eta labana bat erabili dute lapurretak egiteko.
Atzo atzeman zituzten, Ertzaintzak ikerketa bat egin ostean. Hiru lapurreta asteazkenean egin zituzten, polizia iturrien arabera: Txurdinaga, Santutxu eta Deustuan. Bestea eguenean, San Inazion. Denak ere arrats partean. Batean ez zuten ezer eraman, besteetan 100 eta 350 euro artean.
Biak EAEko adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dituzte.