HONDARRIBIKO ALARDEA

Bi alardeek eskakizunak bete dituzte, Ertzaintzaren esanetan

Istilurik gabe pasatu zen Hondarribiko alardea atzo, baina plastiko beltzen artean desfilatu zuten andreek berriro. Alarde parekideak ez zuen pankartarik eraman, eta haien zaleak kale bazterretan jarri ziren txaloka. Alarde tradizionalak, ordea, plastiko beltzak atera zituen Kale Nagusian. Aurpegiak ez estaltzea zen Jaurlaritzaren helburua. Bideoa: Jaizkibel konpainiaren desfilea. [Youtube]http://youtu.be/Aku60TN4Mms[/Youtube]

mikel p ansa
2013ko irailaren 9a
12:58
Entzun

Hondarribiko alardeari buruz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ebazpena eman zuen ostiralean. Jaizkibel konpainiari esan zion pankartarik gabe ateratzeko, eta ez joateko manifestazio itxuran, atzetik sostengatzaileak zituela. Hala egingo zuela esan zuen konpainiak, eta hala egin zuen atzo. Kale Nagusian eta parte zaharrean, Jaizkibel konpainia mistoa babestera joan ziren herritarrek txaloka hartu zuten Jaizkibel. Babesleak atzetik joan ohi ziren orain arte.

Armekin desfilatzen gizonei bakarrik uzten dien alardeari ere zuzendu zitzaion Ertzaintza. Ebazpena ez zen zehatza alarde tradizionalaren zereginei zegokionez, baina plastiko beltzak, karetak eta antzekoak ez erabiltzeko iradokitzen zuen. Betiko Alardearen zaleek plastiko beltzak atera zituzten, hala ere, eta Betiko alardea idatzia zuten txartelak erakutsi zituzten.

Edozein kasutan, bi aldeek ebazpena bete dutela adierazi du Segurtasun Sailak gaur; azaldu du asmoa zuela alarde tradizionalaren aldekoek aurpegia ez estaltzea alarde parekidea pasatzerakoan, eta Jaizkibel konpainiaren desfilea ikusteko trabarik ez izatea. 

Kale Nagusian, aurpegia agerian eduki zuten alarde tradizionalaren zale gehienek. Baina batzuek bere burua estali zuten txartelekin eta plastiko beltzarekin; beste batzuek bizkarra ere eman zioten alarde parekideari. Lehen aldiz, ertzainak alarde tradizionalaren zaleei begira jarri ziren Kale Nagusian, ez Jaizkibel konpainiari. Aldaketa nabarmendu dute konpainia mistoko kideek.

Atzo 08:25 zirela abiatu ziren Jaizkibelekoak, Zumarditik, Titibiliti-aren doinuarekin. Parte zaharra izaten da, urtero, leku gatazkatsuena. Jende gehiena han pilatzen da, Kale Nagusian bereziki. Istiluak ere han izan dira gehienetan. Aurten bareago pasatu da; batzuek txaloka hartu zuten alarde parekidea, eta beste batzuek, "Betiko alardea!" oihuka. Irain-mehatxurik apenas ez zen sumatu Kale Nagusian.

Arma Plazan itzuli, eta Kale Nagusian beherako bidea hartu zuen Jaizkibel konpainiak. Han da udaletxea, eta han ziren emakumeen parte-hartzearen alde bildutako erakundeetako ordezkariak ere: Gipuzkoako Foru Aldundiak Martin Garitano ahaldun nagusia eta Laura Gomez Berdintasunerako zuzendaria bidali zituen; Arartekoak, Julia Hernandez Valles albokoa; eta Emakundek, Izaskun Landaida zuzendaria. EH Bildu koalizioko alderdietako ordezkariak ere han elkartu ziren. Alarde parekideak aldeko txalo gehien ere inguru horretan jaso zituen.

Segurtasun Saila, bertatik bertara

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburuordea lekuan bertan izan dira aurten. Udaletxe ingurutik jarraitu zuten Ertzaintzaren lana. Jaizkibel konpainiak, hain justu, ertzainez inguratuta egin zuen parte zaharreko bide hori guztia.

Parte zaharretik aterata, Gernikako Arbola lorategien ondotik igaro zen Jaizkibel konpainia. Goizeko bederatziak baino lehenago pasatzeko esana zien Ertzaintzak, eta ordutegia bete zuten. Lorategietan ziren, hasteko zain, alarde tradizionaleko kideak, handik abiatzen baitira. Azken urteetan bezala, bizkarra eman zieten emakumeei.

Lorategiak atzean lagata, Ertzaintzak utzi egin zion zaintza lanei, eta handik aurrera bere bidearekin jarraitu zuen alarde parekideak; ondoren abiatu ziren alarde tradizionalekoak, parte zaharrean gora. Arratsaldean berriz desfilatu dute batzuek eta besteek.

Jaizkibel konpainia: "Guk gurea bete dugu, besteek, ez"

Desfileari ez diote manifestazio itxurarik eman alarde parekidekoek, eta horregatik izan da ezberdina aurtengo alardea. Armekin desfilatzen hasi eta handik hemezortzi urtera, lehen aldiz, alarde itxura hartu du konpainia mistoaren desfileak. Alarde tradizionalaren aldekoek plastiko beltzari eta ezikusia egiteari eutsi dioten arren.

Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kapitainak atzo esan zuen "gogorra" izan dela parte zaharrean desfilatzea, baina kontent agertu zen, hala ere, alarde itxura emanez desfilatu ahal izan dutelako. Ohartarazi duzuenalarde tradizionalaren aldekoek plastiko beltza atera zutela, eta aurpegia estali ere egin zutela batzuek. Jaizkibelek, aldiz, Ertzaintzaren agindua bete duela zehaztu zuen: "Guk gure betea dugu, besteek ez dute bete beraiena".

Festek ezin dutela berdintasunaren aurkako egoera bat iraunkortu, hala esan zuen, goizeko desfilearen bukaeran, Izaskun Landaidak. Parekidetasuna sustatzen jarraitzeko urratsak egin behar direla nabarmendu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak. Eta erakunde publiko guztiei esku hartzeko eskatu zieten, Hondarribiko alardearen inguruko gatazka konpontzeko.

Hemezortzigarrenez, armekin eta txirulekin

Emakumeek 1993an, orain hogei urte, egin zuten alardean armekin desfilatzeko eskaria lehen aldiz. Ez zieten utzi. 1996an, alardean sartzen saiatu ziren; kolpeka hartu zituzten. Manifestazio gisa desfilatzeko baimena eskatzen hasi ziren orduan.

Gerora, emakumeen eskubideak urratzen zituela eta, alarde tradizionala ezin zela publiko izan erabaki zuten auzitegiek. Udalak alarde tradizionala antolatzeari utzi zion; harrezkero, Alarde Fundazioak antolatzen du ekitaldi hori, pribatua da, eta manifestazio gisa egiten du itzulia hark ere, alarde parekideak bezala.

Istiluak hasieratik izan ziren. Eserialdiak, Ertzaintzaren oldarraldiak, kolpeak, irainak... 2005ean, giroabareago, plastiko beltza ateratzen hasi ziren alarde tradizionalaren zaleak. Kale Nagusian, plastiko beltz haren atzean ezkutatzen ziren, emakumeak armekin desfilatzen pasatzen ez ikusteko. Orduz gero, urtero errepikatu dira antzeko irudiak: Ez gara zuek ikustera etorri eta antzeko leloak zituzten pankartak, aterki beltzak...

Jaizkibel konpainiakoek, berriz, manifestazioa egin ohi zuten. Alardeak publikoa izan behar duela eta emakumeek berdintasunez parte hartzeko aukera izan behar dutela aldarrikatzen zuten, pankarta batekin. Konpainiaren atzetik zaleak joan ohi ziren. Aurten konpainia gisa egin dute martxa, lehen aldiz, eta pozik agertu dira horregatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.