Hiru astetan irauli da Nafarroako Gobernua. Duela hamabost egun pasa, inork gutxik imagina zezakeen harrezkero izan den ekaitz politikoa Nafarroan. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak sortu zuen krisia, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak aurtengo aurrekontuko gastuetan 132 milioi euroko murrizketa iragarri ondoren. Neurri hori atzera bota ezean, gobernu akordioa hausteko prest agertu zen.
Ostiral goizean egin zuen agerraldia Mirandak, neurriaren berri emateko. Argudiatu zuen Espainiako Gobernuak urte amaierarako jarri duen defizitaren %1,5eko muga ez gainditzeko beharrezkoa zela murrizketa, eta esan zuen neurria Nafarroako Gobernuak hartuko zuela, ez UPNk eta PSNk euren aldetik, "nahiz eta bakoitzak bere iritzia izan.
PSNk baina salatu zuen "hamar minututan eta alde bakarreko erabakiz" hartutako erabakia zela. "Gobernu krisia sortzen du horrek; ez dakigu nora eramango gaituen, baina badakigu nora ez dugun joan nahi", esan zuen Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak. Bilduk, biharamunean, Gobernua uzteko eskatu zion PSNri: "Itxura egiteak ez du balio; garai hauek ekintza zehatzak eskatzen dituzte".
"Borondatea", bien aldetik
Egunak pasa ziren, ordea, eta ekintzak bai iritsi ziren, baina beste norabide batean. Yolanda Barcina Nafarroako presidentea "desberdintasunen gainetik" akordio bat lortzeko itxaropenez agertu zen. Ekainaren 4ean PSNk esan zuen krisia bideratu bitartean Gobernuko jarduera bertan behera utziko zuela. Krisia bideratzeko arlo ekonomikoan ziurtasuna" eskatu zuen. Aldi berean, ordea, Lizarbek eta Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak krisia gainditzeko "borondatea" agertu zuen.
Bien bitartean, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin zuen bilera aurreatu zuen Jimenezek. Ekainaren 5ean bildu ziren Jimenez eta Perez Rubalcaba, eta bilararen amaieran, PSNk ez zuela gobernua utziko esan zuten. UPNri "leialtasuna" eskatu eta "gauzak adosteko" prestutasuna agertu zuten. Gobernu jarduerari berriz ekin zion PSNk, baina "pisu edo irismen handiko" ekimenik hartu gabe.
Egun berean Jimenez eta Barcina bidu ziren eta elkarlanean jarraitzea erabaki zuten, "erkidegoari egonkortasuna emateko". Asmo horiek, hala ere, gobernu akordio batean gauzatzea falta zen; Juan Luis Sanchez de Muniain Gobernuko bozeramaileak esan zuen krisia sortu zuen 132 milioi euroko murrizketak ezin zuela horretarako oztopo izan. Barcinak ere lehenbailehen nahi zuela esan zuen, eta gobernua hautsiz gero, UPNk Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko aukerarik ez zuela aitortu zuen.
Gida-lerroak
Krisia gainditzeko gaur zortzi, arratsaldean bildu ziren Barcina eta Jimenez, eta zenbait gida-lerro adostu zituzten, baina neurririk ez zuten iragarri eta 132 milioi euroko murrizketaren inguruan ere ez zuten ezer esan. Batetik, Nafarroaren egungo egoera ekonomikoa aztertuko zutela adierazi zuten. Bestetik, gastuen eta diru sarreren beharrak ezarriko zituztela. Hori gobernu akordio batera eramateko asmoa agertu zuten, murrizketa agintzen zuen foru agindua ordezkatuko zuena.
Hasiera batean, bazirudien horrek, krisiaren muina bideratu ez arren, elkarlanera itzultzeko aitzakia ematen ziela UPNri eta PSNri. Aste honetan ohiko martxan hasiak ziren bi alderdiak Lizarbek esan zuen "Yolanda Barcinak eta Roberto Jimenezek ezarritako ibilbide orriagatik egoera desblokatzen" ari zela. Garcia Adanerok, aldi berean, berriz, ohartarazi zuen murrizketa egin behar zela: ""Diru sarrerak jaitsi egin dira, hori garbi dago. Kontuak ez dira ateratzen, eta aterarazi egin behar ditugu".
2007an abiatutako bidea eten da
Astebete ere ez du iraun, ordea, gida-lerroen gaineko adostasuna. Jimenezek atzo zuloa 132. milioi euroko bainoa handiagoa dela esan zuen goizean. Gobernu ituna berriro formulatu behar dela esan zuen, eta zuloa handiagoa bada, neurriak "zorrotzagoak" izango zirela esan zuen. Barcinak ez dio barkatu, eta "desleialtasuna" argudiatuz kendu egin du presidenteorde kargutik.
2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren UPNk eta PSNk elkarrekin hasi zuten bidea oraingoz eten da. PSNk beti erakutsi nahi izan du jarrera uzkurra akordioarekin; izan zuen NaBairekin Gobernu ituna egin eta presidentetza lortzeko aukera, nahiz eta bigarren indar politikoa UPNren atzetik, NaBai izan. Uko egin zioten, ordea, eta nahiago izan zuten Miguel Sanz lehenengo eta Yolanda Barcina ondoren presidente jarri.
Lehen gobernu itun hori sinatzeko aurrera eta atzera aritu zen PSNk, eta bi hilabete behar izan zituen bere jarrera argitzeko. Bost urteko ibilbidea ere gora-beheratsua izan da, eta krisiak krisi beti itzuli da UPNren ondora, beste aldean Na Bai lehenik, eta Bildu eta NaBai 2000 ondoren babesteko prest izan dituen arren. Egonkortasuna aitzakia hartu dute behin eta berriz UPNk eta PSNk, "alderdi desberdinak izan arren", ituna argudiatzeko. Azken bi aste hauek, ordea, erakutsi dute ezegonkortasunetik asko duela.