Izaskun Guarrotxena
Bilbo, 1975•Nor da? Bilgune Feministan izan da hasieratik, eta erakundeko kide ezaguna izan da hainbat urtez. Iaz utzi zion bozeramaile izateari; egun, hezikidetzaren eremutik jorratzen ari da feminismoa.
•Bilgunean izaniko momentu bat. «2008ko apirilean egin genituen jardunaldi feministen oroitzapen polita daukat. Oso garrantzitsuak izan ziren; hamalau urte pasatu ondoren, Euskal Herriko mugimendu feminista osoa biltzea lortu genuen berriro. Oso hunkigarria izan zen Portugaletera 1.500 emakume joatea. Bi urteko lanaren ondorio izan ziren jardunaldi haiek, eta, han, lortu genuen eztabaida batzuk sortzea eta elkarrekin bide bat egitea. Hala ere, jardunaldien ondoren ikusi dugunez, ez dugu jakin han bildutako indar guztia saretzen eta hainbat egitasmo denok batera aurrera eramaten».
Miren Aranguren
Iruñea, 1981•Nor da? Gazte mugimendutik feminismora pasatu zen, Bilgune Feminista sortu eta gutxira. Guarrotxenaren lekukoa hartuta, erakundearen bozeramaile dihardu egun.
•Bilgunean izaniko momentu bat. «Zaila egiten zait momentu bakar bat aukeratzea, asko izan baititugu Bilgune Feminista osatu dugun familia ugari eta plural honetan. Aniztasun hori Nafarroan ezagutu nuen: pare bat lagun zeuden hasieran, eta, pixkanaka, feminista askorekin harremanetan jartzen hasi ginen; taldetxoak osatu genituen Iruñerrian, Sakanan, Lizarran, Tafallan eta, geroago, Leitzan. Adin, kezka, errealitate eta tradizio militanteei dagokienez, erabat ezberdinak ziren denak. Etxe berean hain askotariko emakumeek tokia izateak asko aberastu du Bilgune Feminista. Altxor kutun bilakatu da haiekin lanean ikasi dudana».
Larraitz Ugarte
Oñati (Gipuzkoa), 1976•Nor da? Bilgune Feminista sortzeko prozesuan parte hartu zuen. Besteak beste, Zuzenbidean doktorea da, eta EHUn irakasle jardun zuen iazko maiatzera arte. Ordutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatua da.
•Bilgunean izaniko momentu bat. «Amatasun ereduarekin izan dudan kritikotasunaren ondoren haurdun nengoela jakinarazi nuenekoa gogoratzen dut bereziki: haiek barreak egin genituenak! Hala ere, nire jarrera kritikoari eusten diot, eta dudarik ez dut amatasun kontziente hori Bilgune Feministaren ekarpen bat izan dela. Hor aritzea oso esperientzia polita izan zen niretzat afektiboki, eta oso aberasgarria intelektualki. Oso eskertuta nago, bizitzako esparruetan irizpide feministekin ibiltzen lagundu didalako Bilgunek».
Saioa Iraola
Leitza (Nafarroa), 1987•Nor da? Kazetaritza ikasketak amaitu eta gutxira hasi zen Bilgune Feministako talde nazionalean parte hartzen.
•Bilgunean izaniko momentu bat. «Iazko maiatzaren bukaeran, nire herriko 30 emakumerekin batera, 30 urte baino gehiagoz sartzen utzi ez digun herriko enpresara joan nintzen, Sarriopapelera, 50-60 emakumeren curriculumak bilduta. Poza, urduritasuna, gogoa, egonezina… Urteetan, barneratuta eduki genuen herrian bigarren sektorean enplegu bat edukitzeko ezina eta debekua; gero, erreal ikusi genuen eskualdeko askotariko emakumeok hauspoa ematea gure eskubideak errespetatzeko aldarriari, herri ekintza feminista batetik abiatuta. Ikaragarria izan zen une hura, 1998tik erronka bat izan zelako, eta gogorra izan delako herrian hain onartuta zegoen bereizkeriaz kontzientziatzea».