Bi bideko kezka Pirinioez gaindi

Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea lotzeko autobia aspaldiko proiektua da, eta urrats berriak egin dituzte berriki

edurne elizondo
2005eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko agintariek Orreagan (Nafarroa) egin zuten bat joan den otsailaren 16an, eta Pirinioez gaindiko autobia izan zuten hizpide. Bilera horretan, Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko hainbat alkateren aurrean, amaitutzat jo zuten bi administrazioetako ordezkariek 2003an hasitako proiektuari buruzko informazio ikerketaren lehen fasea. Bigarrenaren hasiera iragarri zuten: hau da, Pirinioez gaindiko Iruñea eta Saliese (Biarno) arteko 2x2 errepidea egiteko aukerako bideak zehaztuta, proiektuak ukitzen dituen udaletako arduradunekin bilerak hastea, informatzeko.

Nafarroako Gobernuak otsailaren 16ko bileraren ondoren azpimarratu zuen «eskualdeen arteko» errepidea izanen dela Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea lotuko dituen bide berria. Eta, autobiaren izaera hori nabarmentzeko, ibilaldi luzeko merkantzien garraiorako ibilgailuek bidesaria ordaindu beharko dutela hitzartu zuen Nafarroako Gobernuko Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko buru Jean-Jacques Lasserrerekin.Bi administrazioek azken bileran hitzartutakoaren arabera, oraingoz hainbat aukera daude Iruñea eta Saliese arteko bidea egiteko. Nafarroa Garaiari dagokionez, bi dira Nafarroako Gobernuak esku artean dituen aukerak (bietan noranzko bakoitzean bi bide izanen ditu autobiak). Biek, halaber, A-15 autobidea Erro herriarekin lotuko lukete; aukeretako batek (30 kilometro) egungo N-135 errepideari jarraituko lioke, funtsean, Zubiritik; besteak (35 kilometro), berriz, Tiebasen izanen luke jatorria, eta Urrotzen barrena eginen luke bat Errorekin. Denera, 58 edo 63 kilometro luze izanen litzateke Nafarroa Garaiko zati osoa. Nafarroa Behereari dagokionez, 60-63 kilometro. Autobiaren %40 izanen litzateke berria. Gainerakoan, D 933 errepidearen bideari jarraituko lioke, hainbat moldaketa eginez. A-64 autobidearekin eginen luke bat errepide berriak.Otsailaren 16ko bilera izan da Pirinioez gaindiko autobiaren inguruko azken urratsa; proiektua, hala ere, aspaldikoagoa da. 1997. urtean, jada, harremanetan hasi zen Nafarroako Gobernua Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiarekin. Urtebete geroago, orain arte proiektuaren kontrako borrokaren ikur eta bultzatzaile nagusi izandako elkartea sortu zen: Leia.

Leia: «Nafarroako Gobernua tematu da»

Orain martxan den informazio ikerketa 2003. urteko akordio baten ondorio da. Lau fasetan gauzatu beharreko ikerketa bultzatu zuten urte horretan bi administrazioek. Lehenengoa amaituta, bigarrenari ekinen diote Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko agintariek. Udalek proiektuari baiezkoa emanez gero zabalduko litzateke hirugarren fase hori, informazio publikoarena. Hirugarrenak laugarrena ekarriko luke: informazio ikerketa onartzeko eta argitaratzeko fasea, alegia.

Pirinioez gaindiko autobia egiteko asmoarekin batera sortu zen haren kontrako mugimendua. Leia izan da oposizioaren bultzatzaile, Iparraldean batez ere. Nafarroa Garaian aferak ez du hainbesteko zalapartarik sortu, baina badira iritzi kritikoak. Herrialde batean zein bestean, hala ere, kezka eta zalantza komunak dituzte, eta nagusietako bat da autobia beharrezkoa ote den. Errepide berriaren helburuak zehaztu gabe informazio ikerketa bigarren fasean sartu izana salatu du Leiak.

Nafarroan, Iruñearen eta mendialdeko herrien arteko lotura ez da batere ona. Errepidearen egoera kaskarra da. Horrek herriak bakartzen dituela uste dute hango biztanleek, eta, ondorioz, jende askok Iruñerako bidea hartzen duela, han bizitzeko. Hori dela eta, Iruñearen eta Pirinioetako herrien arteko komunikazioa hobetzea garrantzitsua da herritar askorentzat. Egoera hobetzeko modu bakarra autobia egitea ote den, ez dute hain argi.Iparraldean jende andana mugitzen dute Leiak antolatutako 2x2 errepidearen kontrako ekimenek. Hilaren 11n elkarte horrek egindako azken biltzar nagusiak agerian utzi zuen autobiaren kontrako mugimenduaren indarra. 250 lagun bildu ziren Izuran (Nafarroa Beherea), eta tartean auzapezak, kontseilariak eta hautetsiak zeuden, herritarrekin batera. Autobiaren kontrako borroka indartzea erabaki zuten biltzar horretan Leiakoek.

Nafarroa Garaian, Aurizperriko Martin Saragueta da Leiako kideetako bat. Argi du autobia egiteko proiektuaren atzean zer dagoen: «Politika kontua da; Miguel Sanzek errana da nazioarteko trafikoa independentzia nahi duten bi erkidegotatik igarotzen dela. Trafiko hori Nafarroatik bideratu nahi du Nafarroako Gobernuak; tematuta dago. Eskualdeen arteko errepidetzat saldu, baina argi dago nazioarteko garraioa bultzatu nahi duela».Nafarroako Gobernuak Iruñea Errorekin lotzeko aipatutako bi alternatibak benetan inongo alternatiba ez direla uste du Saraguetak: «Biak egin nahi dituzte». Leiako kideak ez du uste, hala ere, proiektuak «sostengu handirik» duenik: «Betikoa dute orain ere, Gobernuko alderdiarena eta PSNrena. Baina Frantziak ez du nahi». Argi du, ordea, Iparraldean eta Hegoaldean proiektuari aurre egiteko egoera ez dela berdina: «Hemen edozein mobilizazio baldintzatuta dago. Alkateek ez dute autonomiarik».Saraguetaren ustez, «etorkizuna» dago jokoan. «Gaur egun duguna, onerako edo txarrerako, ia ukitu gabeko ingurua da. Eta hori gal dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.