Bi edukiontzi erre zituzten astelehenean Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia), eta Josu Uribetxebarria gaixotasun larria duen presoa aske uzteko eskatzen zuten eskuorriak bota zituzten ondoren. 19:40an geratu zen, Herrizaingo Sailaren arabera. Maiorga Ramirezek (Bildu) gertakaria arbuiatu du, eta esan du «indarkeria adierazpenen aurkako jarrera irmoa» behar dela alor guztietaneta Bilduk bere egiten duela konpromiso hori. Ramirezek gogoratu du Urietxebarriarena bezalako «egoera onartezinek giroa gaiztotzen» dutela, eta gaineratu du giza eskubideen errespetuan ezin dela bereizketarik egin. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiari «argi eta garbi gaitzesteko» eskatu dio. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak jakinarazi du ezker abertzaleak ez duela zerikusirik horrelako gertakariekin, eta esan du ez duela ulertzen zergatik tematzen den Eusko Jaurlaritza ezker abertzalearengana jotzen halakoak gertatzen diren bakoitzean.Aralarrek ere «errotik» gaitzetsi du edukiontziak erre izana. Iosu Murgia Bizkaiko koordinatzaileak esan du halako ekintzak egitea «Espainiako Gobernuaren joku maltzurretan erortzea» dela. Izan ere, Murgiaren iritziz, PP Uribetxebarriaren kasua erabili nahian ari da indar subiranisten apustua ahultzeko; Murgiaren arabera, ordea, Espainiako Estatuari «min handien» erresistentzia baketsuak egiten dio.
Imanol Landa alkateak (EAJ) gertaeraren «larritasuna» azpimarratu du. Landak salatu du oraindik «burugabe nostalgiko batzuk» badaudela, «indarkeriaren bidez zerbait aldarrika litekeela uste dutenak». Azkenik, esperantza agertu du udaleko talde guztiek gertaera salatuko dutela. Erasoaren harira, Getxoko Bilduk Gernikako Akordioaren markoaren barruan gatazka politikoa gainditzeko lan egiteko konpromiso sendoa berretsi du. Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, berriz, esan du «indarkeria uzteko asmorik ez duen jendea» badela oraindik.
Pintaketak etxe atarian
Getxon bertan, pintaketak egin dituzte Arkaitz Goikoetxea presoaren familiaren etxean. Senideek salatu dutenez, igande gauean egin zuten Hemen naziak zioen pintaketa. 2009ko uztailean, Goikoetxea-Basabe sendiaren baserria erretzen saiatu ziren, eta Zigor Goikoetxearen aurkako heriotza mehatxuak ere egin zituzten. Getxoko Bilduk «iraganeko gerra zikinaren eta jazarpen politikoaren» adibidetzat jo du gertatua, eta Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko alkateak ere salatu dute erasoa. Hala ere, Goikoetxearen senideek salatu dute 2009ko erasoa izan zutenetik ez dutela udalaren babesik jaso.
Bi edukiontzi erre zituzten astelehen iluntzean Getxon
Maribi Ugarteburuk dio ezker abertzaleak ez duela zerikusirik horrekin; Ramirezek gertaera arbuiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu