A/H1N1 birusak kutsatuta 58 eta 29 urteko bi emakume artatu dituzte Bideko Ama Birjinaren erietxean (Iruñea). 29 urtekoa larri dago Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Ospitale horretan ZIUn dauden beste bi lagunek bestalde, hobera egin dutela adierazi du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak.
Bizkaian, duela egun batzuk A/H1N1 birusak kutsatuta bi hilabeteko haur bat ospitaleratu zuten Barakaldoko Gurutzetako erietxean eta gaur jakinarazi dutenez, hobera egin du. Donostiako ospitalean birus berak gaixotutako 36 urteko gizona ere suspertzen ari dela jakinarazi du Osakidetzak.
Txertoa udazkenerako
Trinidad Jimenez Espainiako Osasun ministroak jakinarazi du A/H1N1 birusari aurre egiteko txertoa udazkenerako eskuragarri izango dela. Txertoa ematerako orduan lehentasuna izango dute osasun zerbitzuetako langileek, haurdun daudenek, hamalau urte baino gutxiagokoek, gaixotasun larriak dituztenek eta gizentasuna dutenek.
Birusaren hedapen azkarra ikusita eta Osasunerako Mundu Erakundearen gomendioei jarraituz, Osakidetzak "aholku erraz" batzuk eman ditu A/H1N1 birusa ekiditeko: Eztul edo doministiku egitean sudurra mukizapi batez estaltzea, mukizapia erabili bezain laister zakarrontzira botatzea, eskuak sarri garbitzea eta besarkadak eta muxuak sahiestea.
Gripearen sintomak dituenari, aldiz, etxean geratzea eta inguruko pertsonekiko metro bat baino gehiagoko distantzia mantentzea aholkatzen du Osakidetzak. Haurdun dauden emakumeek edota gaixotasun larriren bat dutenek birusaren zantzuak nabarituz gero, medikuarengana joatea gomendatu du.
Gizartea
Bi emakume ospitaleratu dituzte Nafarroan, A/H1N1 birusak jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu