Lan mundua

Bi enpresaburu atxilotu dituzte Bilbon, "langileen eskubideen kontrako delitua" egin dutelakoan

Eraikuntza arloko enpresetako buruak dira atxilotutakoak.

2009ko urtarrilaren 27a
22:45
Entzun
Eraikuntza arloko bi enpresaburu atxilotu ditu gaur Espainiako Poliziak Bilbon, "langileen eskubideen kontrako delitua" egin dutelakoan.

Atxiloketa burutu ahal izateko ikerketa Espainiako Lan eta Gizarte Gaietarako Ordezkaritzarekin elkarlanean egin du Poliziak. Jakitera eman dutenez, Angel Ortega Paz SL eta Leonca enpresetan (biek Bilbon dute egoitza) legezko agiririk gabeko bi langile ari ziren lanean, E.S.A. eta A.H.B. boliviarrak. Zehazki, Espainiako estatuan egoteko baimenik gabe zeuden bi beharginak. Bi hauek polizietxera eraman dituzte.

Hilaren 19an bi enpresa hauetako gerenteak, A.O.P. eta J.A.O., atxilotu zituen Poliziak, eta auzibidea hasi zuen haien kontra.

Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzak nabarmendu du "egoera irregularrean diren atzerritarren egoera kaskarraz aprobetxatuta haien bizkar onura ekonomiko handiagoak lortu nahi" dituztela legezko agiririk gabeko langileak lanean jartzen dituzten enpresaburuek. "Legearen araberako kontraturik eta Gizarte Segurantzaren babesik gabe jartzen dituzte lanean".

"Arlokako konbenioetan hitzartutakoa baino askoz ere soldata txikiagoak ordaintzen dizkiete, eta Gizarte Segurantzan ez dituzte altan ematen; Ogasunari zor zaizkion zergak ez dituzte ordaintzen, eta langileak inolako lege babesik eta lan nahiz osasun babesik gabe uzten dituzte", salatu du Espainiako Ordezkaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.