Hamabost egunean bigarrenez, larrialdi zerbitzuek bi erromes erreskatatu behar izan zituzten atzo Orreaga inguruan. Donejakue bidea bizkletaz egitea zen haien asmoa, Donibane Garazitik Orreagara, Lepoederretik igaroaz. Baina pasabide hori itxita egon ohi da neguan, eta, azken egunetan botatako elurraren ondorioz, elur-jausi arriskua ere handia da.
Espainiar jatorriko bi erromesek astelehen arratsaldean deitu zuten lehenengoz Nafarroako larrialdi zerbitzuetara, esanez akituta zeudela eta botatako elurraren ondorioz ezin zutela bidean aurrera jarraitu. Hortaz, Izandorreko aterpean egin zuten gaua. Hurrengo goizean bigarrenez deitu zuten jakinarazteko gauean ezin izan zutela lorik egin hotzagatik, baina hala ere jarraitu egingo zutela. Dena den, elur-jausiak gertatzeko arriskua handia zela ikusita eta azken orduetan metro beteko elurra pilatu zenez, haien bila joatea erabaki zuten larrialdi zerbitzuek.
Erromesak Aurizko osasun etxera eraman dituzte.
Faktura
Joan den astean Ibañetan erreskatatutako erromesek 5.810 euro ordaindu beharko dituzte jasotako zerbitzuengatik. 5.360 euro hanka hautsi zuen emakumeari —helikopteroa mugiarazteagatik eta hamaika pertsona 12 orduz berarekin egoteagatik— eta 450 euro besteari.
[INKESTA] Uste duzu mendiko erreskateak ordaindu behark liratekeela?
— Berria.eus (@berria) 2016(e)ko martxoak 16