Gasteizko 4. instrukzio epaitegiak sekretupetik atera du Arabako ustezko espioitza politikoa ikertzen duen afera. Bi ertzain eta Aitor Telleria Arabako EAJko buruzagi ohia inputatuta daude sumarioan. Auzia, oraindik, instrukzio fasean dago. Arabako politika eta gizarte alorreko pertsona ezagunak zelatatzea eta haien bizitza pribatuari buruz lortutako informazioarekin EAJrentzat txostenak egitea leporatu die Roberto Ramos Gasteizko 4. instrukzio epaitegiko epaileak inputatuei. Ikerketaren arabera, ustezko zelatatze lanak 2009an eta aurreko urteetan egin zituzten bi ertzainek, eta Telleriaren bulegoan antzeman zituzten txostenak.
EAJko hainbat buruzagi harrapatuta dituen beste ustelkeria kasu bati tiraka ezagutu zen espioitzari dagokiona: De Miguel auzia izenez ezagutu dena. Auzi horretan hamar auzipetu daude kapitalak zuritzea, eraginen trafikoa egitea eta sobornatzea egotzita, eta horietako bat da Aitor Telleria, bulegoan politikariei buruzko txostenak atzeman dizkietena. Martxoan utzi zuen kargua, atxilotu zutenean.
Legebiltzarreko batzordea
Hain justu, urte hasieratik martxan da Eusko LegebiltzarreanArabako ustezko ustelkeria eta espioitza kasua ikertzen duen batzordea. Guztira, 33 pertsona deituko ditu deklaratzera ikerketa batzordeak. Haatik, orain arte deituta zeuden auzipetuetatik hiru ez dira agertu batzordean, euren errugabetasun presuntzioa bermatu gabe dagoela argudiatuta. Iñaki San Juanek, Ainhoa Bilbaok eta Araceli Bajokegin dute huts batzordean.
Gaur, berriz, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuohia deitu dute deklaratzera. Azkarate ez dago auzipetuta, baina ustezko ustelkeriak gertatu zirenean zituen ardurengatik eskatu du batzordeak haren agerraldia. Izan ere, Kultura Sailak kontratazio batzuetan egindako ustezko irregulartasunak ikertu nahi ditu batzordeak. Aste honetan bertan deklaratu dute Gurutz Larrañaga Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohiak eta Xabier Sanchez Gazteriako zuzendari ohiak. Batzordeko agerraldiek sekretupean egon behar dutenez, ez da jakina zer deklaratu duten.
Arabako Batzar Nagusietan ere ustezko ustelkeria kasua ikertzeko batzordea martxan dago, eta bertan hainbat agerraldi egiten ari dira. Atzo, Iñaki Nafarrete aldundiko Tokiko Administrazioetarako eta Lurralde Orekarako diputatuak neurriak eskatu zituen batzordeko agerraldien edukiak isilean kaleratu ez daitezen. Astelehenean, batzordean hitz egin zuen Nafarretek, eta komunikabideetan agertu zen haren deklarazioa. Erakundeei «errespeturik ez» dietela salatu du Nafarretek.
Bi ertzain eta Telleria inputatuta, espioitza auzian
Miren Azkarate Kultura sailburu ohiak Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean deklaratuko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu