Euskal presoak

Bi euskal preso politiko bere buruaz beste egiten saiatu dira

Askatasunak salatu duenez, "pertsona suntsitzeko espetxe politika da" gaurkoa, eta presoen eskubideak errespetatzea eskatu du. Haietako baten izena jakinarazi dute: Alfontso Sebastian.

2007ko maiatzaren 4a
18:07
Entzun
Askatasuna erakundeak gaur jakitera eman duenez, Alfontso Sebastian eta beste euskal preso politiko bat -ez dute haren izena zabaltzeko baimenik- bere buruaz beste egiten saiatu dira azkeneko egunetan. Sebastian, "lepo eta eskuko zainak ebakita", eta bestea, "eskuko zainak ebakita".

Juan Mari Olano Askatasuna bozeramaileak Espainiako Gobernuaren espetxe politika gogor salatu du, "pertsona suntsitzeko politika delako. Desgastea bilatzen dute".

Alberto Figueroa presoak, berriz, atake epileptikoa izan duela esan dute, Jon Agirre Agiriano eta Bautista Barandalla gaixotasun larriak dituztenei 92. artikulua ukatu dietela, Ramon Sagarzazuri behin-behineko askatasuna ukatu diotela -osasun arrazoiengatik eskatu zuen-, Igor Letonari jipoia eman ziotela espetxean...

Askatasuneko ordezkariekin batera, Olatz Barrenetxea psikologoa egon da prentsaurrekoan, Donostian, eta gaur egun beraiek kartzeletan euskal preso politikoekin lanik ezin dutela egin adierazi du. "Lehen, presoen psikologo eta mediku pribatuoi uzten ziguten kartzelara sartzen, baina gaur egun ez da hala. Beraz, presoen halako gertaerak ezin ditugu aurreikusi eta ezin diegu lagundu", esan du Barrenetxeak.

Olanok gogoratu du PP Espainiako Gobernuan egon zen "garai txarretan ere", presoen osasun eskubidea urratu gabe zegoela, "baina orain Zapaterorekin urratuta dago eta hori ikaragarria da".

Eragile politikoei dei egin die, horrelako urraketen kontra ager daitezen. "Hau da ez bada indarkeria, zer da? Hau da une hauetan dagoen indarkeria bakarra".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.