Bi euskal presoren senide eta lagunek istripua izan dute espetxera bidean

Aurtengo zazpigarren istripua da espetxeetara bidean; Etxerat-ek dio egoerak «berehala» amaitu behar duela

2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Aiala Zaldibar eta Rosa Iriarte euskal presoen senide eta lagunek istripua izan zuten joan den larunbatean, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Soto del Realeko (Madril, Espainia) espetxean dauden euskal presoak bisitatzera zihoazela gertatu zen ezbeharra, Aranda de Duero parean.

Errepideko lanak egiten ari ziren gune batean gertatu zen istripua, bi norabideak estutzen ziren gunean. Kontrako norabidean zihoan auto bat aurrez aurre topatu zutenZaldibar eta Iriarteren senide eta lagunek; eta talka saihesteko, errepide ertzeko babes-listoiaren aurka egin zuten talka.

Istripuaren ondorioz kotxea «erabat txikituta» geratu zen arren, senide eta lagunek ez zuten pairatu ondorio fisiko larririk. Hala ere, haurdun dagoen Iriarteren ahizpak ospitalera joan behar izan zuen hainbat froga egiteko; baina espero duen umea etabera ondo daude.

Etxerat-ek adierazi du bidaiaren amaiera eta Euskal Herrirako buelta taxian egin behar izan zitutela Zaldibar eta Iriarteren senide eta lagunek, eta horrek gastu ekonomiko gehitua dakarrela. Etxerat-ek esan du,bide beretik, bi euskal preso horien senide eta lagunek pairatutako egoera errepikaezina dela.

Zazpigarrena, aurten

Euskal presoak bisitatzera zihoazela senide eta lagunek errepideetanizan duten aurtengo zazpigarren istripua izan da honakoa. Etxerat elkarteak adierazi du, gainera, azken 22 urteetan kasik 400 istripu pairatu dituztela, eta horrek kalte fisiko, psikologiko eta ekonomikoak dakartzala.

Hori dela eta, «euskal presoen senide eta lagunen bizitzak arriskuan etengabe jartzen dituen sakabanaketa politika», salatu du Etxerat-ek.

Egoerak «berehala» amaitu behar duela adierazi du Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen elkarteak.

Indarrak batzeko deia

«Astebururo milaka eta milaka euskal herritarren eskubideak urratu eta bizitzak arriskuan jartzen ditu sakabanaketak», dio Etxerat-ek oharrean. Era horretan, sakabanaketak euskal jendarte osoa «kolpatzen» duela, eta euskal jendartearen «gehiengo zabal eta askotariko» batek sakabanaketari «ezetz» esaten diola jakinarazi du Etxerat-ek.

Hortaz, Etxerat elkartetik indarrak batzeko deia egin dute: «Senide eta lagun presoen eskubideen alde sektore eta pertsona ezberdinak indarrak metatzera eta amankomuneko lanak artikulatzera gonbidatzen ditugu».

Etxerat-ek adierazi du, horrez gain, aurten Euskal Herrian burutu diren mobilizaziorik «erraldoienak» euskal presoen eskubideen alde izan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.