Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen herenegun gauean Amurrion (Araba), hiru banketxeri harriak botatzea eta pintaketak egitea egotzita. 18 eta 19 urte dituzte atxilotuek. Herrizaingo Sailaren arabera, 23:10ean gertatu zen erasoa. Ertzaintzaren patruila batek bi gazte ikusi zituen kalean korrika eta eskuetan pintura potoak zituztela: ondoren, banketxeetara harriak bota zituztela dio. Gazteetako bat erasoa egin ondoren atxilotu zuten, kalean. Bestea, handik ordu batzuetara atxilotu zuten, betiere Herrizaingo Sailaren arabera.
Ezker abertzaleak salatu egin ditu atxiloketak. Komunikabideetara igorritako ohar batean dio «egoera berri honetan» lekurik ez duela «polizia indarrek salbuespenezko neurriei zein jazarpenari eustea». «Egoera berria ireki da Euskal Herrian, eta estatu aparatuek errezeta eta ekinbide errepresiboak behin betiko alboratzea ezinbestekoa da konponbide norabidean aurrera egiteko», adierazi du ezker abertzaleak.
Bi gazte atxilotu dituzte Amurrion, hiru banketxeri eraso egitea egotzita
Atxiloketak salatu ditu ezker abertzaleak, eta «ekinbide errepresiboak» bertan behera uzteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu