Bilboko udaltzainek gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bikotekidea jotzea egotzita. Emakumea haurdun dago, sei hilabeteko, Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez.
Larunbatean 17:00ak aldera udaltzainen patruila bat Blas de Otero kaleko etxebizitza batera joan zen, eraso bat izan zela-eta abisu bat jaso ondoren. 32 urteko emakume bat negarrez eta oso urduri aurkitu zuten. Biktimak azaldu zien gizonezkoak jo eta bultzatu egin zuela, eta, lurrera bota ondoren, sabelean kolpatu zuela.
Osakidetzako anbulantzia batek Basurtuko ospitalera eraman zuen emakumezkoa, eta udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten —E.A.G., 31 urte—.
Gainera, biktimak udaltzainei esan zien hiru urte zeramatzala tratu txar psikologikoak jasaten.
Gasteizen 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Udaltzaingoak, bikotekideari eraso egin diolakoan. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 09:20 aldera gertatu zen oldarraldia, Salburua auzoan. Bikotekideak bizi diren etxebizitzan gizon bat emakume bat jotzen ari zela salatu zuen bizilagun batek, eta atxilotuta eraman zuten gizona udaltzainek.
Emakumea kalean topatu eta erietxe batera eraman zuten, erasotua izan zenaren zantzu "nabarmenak" zituelako. Ustezko erasotzailea datozen orduetan igaroko da epailearen aurretik.