Bi gizon atxilotu dituzte Durangon, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta

Gauerdian salatu dute erasoa. Udalak «erabateko gaitzespena» adierazi du.

Eraso matxista bat salatzeko Mugimendu Feministak egindako elkarretaratze bat. GORKA RUBIO / FOKU
Eraso matxista bat salatzeko mugimendu feministak egindako elkarretaratze bat. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko otsailaren 15a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak 19 urteko gizon bat eta 45 urteko beste bat atxilotu ditu gaur Durangon, Bizkaian, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta.

Gauerdian Ertzaintzak abisua jaso du esanez emakume batek sexu eraso bat jasan duela Durangoko Askatasunaren Etorbidean. Ertzaintza eta Udaltzaingoa hara bertaratu dira, eta, andrearekin harremanetan jarri eta datuak bildu ondoren, patruilek ingurua ikuskatu dute. Salatzaileak adierazitako ezaugarriekin bat zetozen bi gizon ikusi dituzte. Susmagarriak identifikatu dituzte, eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dituzte, sexu erasoen delitu bat egotzita. Atxilotuak Durangoko ertzain etxera eraman dituzte, eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.

Adierazpen instituzional batean, udalak «erabateko gaitzespena» adierazi du, eta biktimari babesa eta elkartasuna helarazi dio. Azpimarratu du «indarkeria ekintza» hori «erabat onartezina» dela «pertsona guztien berdintasuna eta segurtasuna defendatzen duen gizarte batean». Gaineratu du biktimaren esku jarriko dituela halako kasuetarako dituen zerbitzu espezializatuak, eta prozedura judizial eta administratiboetan laguntza emateko prest agertu da. Erasoa gaitzesteko mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioekin bat egitera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.