Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu ditu asteburuan, beren bikotekideei eraso dietelakoan.
Larunbatean, 19:30 inguruan, etxebizitza batean liskar handia gertatzen ari zela jakinarazi zioten Udaltzaingoari. Etxe horretara iristean, gizonezko bat aurkitu zuten eskaileretan, 36 urtekoa, oso urduri, eta bikotekidearekin eztabaida izan ondoren etxetik alde egitera zihoala esan zien udaltzainei. Etxean bikotekidea aurkitu zuten, eta eztabaidan ari zirela gizonezkoak aurpegian zaplaztekoak eman zizkiola agertu zien udaltzainei emakumeak. Babesteko gizonezkoari eskuan kosk egin ziola ere azaldu zien; halaber, ez zela eraso egiten zion aurreneko aldia. Hala ere, ez du salaketarik jarri nahi izan. Udaltzainek, ordea, atxilotu egin zuten eta epailearen esku utzi biharamonean.
Handik ordu batzuetara gertatu zen bigarren erasoa, igande goizaldeko 03:50 aldera. Etxe batean eraso bat gertatzen ari zirela esanez dei egin zieten udaltzainei, eta etxe horretara iristean, 23 urteko gizonezko bat aurkitu zuten alde egiten; erasotzailea zela esan zieten lekukoek. Ondorioz, atxiltou egin zuten.
Ondoren, 25 urteko emakumearekin hitz egin zuten. Lagunekin afaria izan zuela, eta etxera itzultzean senarra oraindik ez zegoela azaldu zien udaltzainei. Iritsi zenean era guztietako galderak egin zizkiola, astindu egin zuela, besagainean ukabilkada eman eta aurpegian jo zuela agertu zien. Horrez gain, giltzak, eskuko telefonoa eta diruzorroa kendu, eta etxetik bota zuen. Gainera, lehenago ere eraso izan ziola agertu zien. Santiago erietxera eraman behar izan zuten emakumezkoa artatzera.
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei eraso egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu