Portugaleten (Bizkaia) izan zen lehenengo atxiloketa, astelehenean, 16:00 aldera. Ertzaintza abisua jasotako etxebizitza batera joan zen, eta andrearekin hitz egin ahal izan zuen: eztabaida baten ostean, bikotekideak bi masaileko "gogor" eman zizkiola esan zuen emakumeak, eta senarrak gehiagotan ere jo zuela ziurtatu zuen. Erasotzailea identifikatu zuten gero, 24 urteko gizon bat, eta hark egindakoa aitortu zuen.
Bigarren atxilotua Hondarribian izan zen (Gipuzkoa), herenegun, 20:30 inguruan. 24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten bertan: atxilotua bikotekide ohiaren etxera joan zenean, eztabaidan hasi, eta emakumeari eraso zion. Biktimak salaketa jarri zuen, tratu txar fisiko zein psikologikoengatik; baita bere familiari jazartzeagatik ere.
Horrez gain, 55 urteko gizon bat eta 56 urteko beste bat ere atxilotu zituen Ertzaintzak Gipuzkoan, Hernanin eta Zarautzen, bikotekide ohiarenganako urruntze agindua urratzeagatik.
Astelehenean genero indarkeriarekin lotutako beste bost atxiloturen berri jakin zen.