36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo iluntzean Ertzaintzak Gasteizen, bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatzen zion agindu judiziala urratzea eta emakumezko horri eraso egitea egotzita. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, atzo iluntzeko bederatziak aldera Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean gizonezko bat emakumezko batekin zakarkerietan zebilela esanez abisua eman zien herritar batek. Esandako lekura iritsi zirenean, emakumezkoak esan zien ondoan zeukan gizonezkoa bikotekide ohia zuela, urruntze agindua zuela, eta hura urratu eta eraso egin ziola. Urruntze agindua zeukala frogatu, eta, gainera, ustezko erasotzailearen kontrako ustezko beste atxilotze agindu bat zegoela ikusi ondoren, atxilo hartu zuten.
Arrazoi bertsuengatik beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo ertzainek Asteasun. 20:45 aldera, etxebizitza batera joan zen Ertzaintza, bikote bat liskarrean ari zela jakinarazi zietelako. Emakumezkoak tratu txarren arrasto nabarmenak zituela ikusi zuten, eta bikotekide ohia, 28 urteko A.F.I., atxilotu zuten han bertan. Gainera, gizonezkoak urruntze agindua zuela ikusi zuten.
Genero indarkeria
Bi gizonezko atxilotu dituzte urruntze agindua hautsi eta bikotekide ohiak jotzea egotzita
Gasteizen atxilotu dute bietako bat, eta Asteasun (Gipuzkoa) bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu